Kirikiño ikastolak adin eta gustu guztietarako ehunka jarduera antolatu ditu: dantza taldeak, magoa, Go!azen, bertsolariak, antzerkia, kontzertuak, erromeriak, DJak, tailerrak, puzgarriak, karaokeak, erronka herrikoiak, txarangak eta kalejirak, besteak beste.
Euskara, hezkuntza eta euskal kulturaren aldeko topagune erraldoia bilakatuko da Bilbo maiatzaren 31n Ibilaldiari esker. Aurtengoan Kirikiño ikastolak hartu du antolakuntzaren ardura eta familia zein lagunekin egun osoan gozatzeko aukera izango dela ziurtatu du.
Hilaren 31n jai handia egiteaz gain, urte osoan zehar garatzen den proiektua da Ibilaldia, komunitatearen elkarlanari esker helburu argi batekin sortua: ikastola, euskara eta euskal kultura Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzea.
Bilboko ikastolak iaz hartu zuen Ibilaldia antolatzeko erronka, eta “ilusioz zein arduraz” ari da prestatzen “hirian euskararen erabilera indartzeko aukera paregabe hau”. Helburu horrekin, Ibilaldiaren jai egunean hiru gunetan banatutako eta adin guztiei begirako kultura‑, musika‑ eta aisialdi‑eskaintza zabala antolatu dute.
Urtero bezala, jaiaren abiapuntua Kirikiño ikastola izango da; handik Europa Parkera egingo du jauzi, eta festaren azken gune handia Txurdinagako Kiroldegia izango da. Antolatzaileen esanetan”, gune guztiak ibilbide dinamiko eta bizigarri batek lotuko ditu, kalez kale euskararen presentzia eta jai giroa zabalduz egun osoan zehar”.
Jaia, baina, bezperan bertan hasiko da Kirikiño Ikastolan, besteak beste, erromeriarekin, pailazoekin, kontzertuekin, umeentzako tailerrekin eta Euskara mila koloretan lehiaketako sari banaketarekin.
Maiatzaren 31n, berriz, adin eta gustu guztietarako ehunka jarduera izango dira: dantza taldeak, magoa, Go!azen, bertsolariak, antzerkia, kontzertuak, erromeriak, DJak, tailerrak, puzgarriak, karaokeak, erronka herrikoiak, txarangak eta kalejirak, besteak beste.
Musika eskaintza zabala
Musika‑eskaintza zabala eta anitza izango da, adin eta gustu guztietarako proposamenekin. Egun osoan zehar, hainbat eszenatokitan ariko dira zuzenean Gozategi, Ezezez, Zuztarrak, Harana, Fruiztariak, Txerokiak, TxapelPunk, Xsakara eta Punttu Kakotx, besteak beste.
Gainera, jai‑giroa indartuko dute Lehian eta Pakemba erromeriek, Hots Kolektiboa txarangak, Samasiku fanfarriak, Bitxo do Samba batukadak, Patxipanda txistulari taldeak eta Kirikiño Ikastolako trikitilariek. Musika‑programazioa osatzeko, DJ Kaktus eta DJ Bull arduratuko dira erritmoa eta festa ez etetearen ardura hartzeaz.