Euskal Herriko kaleko arteen eragileek euskarazko sorkuntza, programazioa eta publikoaren babesa indartzeko beharra azpimarratu dute.
Leioako Umore Azokaren barruan, kaleko arteen sektoreko hainbat artista eta konpainiak euskararen aldeko urratsa egin dute. Artekalek sustatutako ekimenaren bidez, Euskara, jalgi hadi plazara! manifestua aurkeztu eta irakurri dute Leioako Kultur Leioa gunearen aurrean egindako agerraldian.
Ekimenaren bidez, Euskal Herriko kaleko arteen esparruan euskarak duen tokiaz hausnartzea eta haren erabilera bultzatzea izan dute helburu. Manifestuarekin bat egin duten sortzaile eta konpainiek hainbat erronka jarri dituzte mahai gainean: euskarazko sorkuntza sustatzea, programazioetan euskarazko ikuskizunen presentzia handitzea eta ikus-entzuleei ere euskaraz sortutako proposamenak babesteko deia egitea.
Kaleko arteen munduan —antzerkian, dantzan nahiz zirkuan— diharduten Euskal Herriko eragileek babestu dute adierazpena, sektorearen etorkizunean hizkuntzak izan behar duen lekuaren inguruko kezka eta nahia partekatuz.
Manifestuaren aurkezpenarekin batera, atxikimendua eman dioten konpainien eta artisten zerrenda ere ezagutarazi dute. Jardunaldiak, gainera, gogoetarako tartea ere izan du. Euskaraz sortzearen pozak (eta penak) izeneko mahai-inguruan, parte-hartzaileek euskaraz sortzeak dakartzan aukerak eta zailtasunak izan dituzte hizpide, baita etorkizunera begirako erronkak ere.
Horrela, Umore Azokaren testuingurua baliatuta, kaleko arteen sektoreko hainbat eragilek euskararen erabilerari eta ikusgarritasunari buruzko eztabaida plazara eraman dute.
Manifestua
Artekaleren bultzadaz, hemen elkartu garen konpainia guztiak Euskal Herriko kaleetan erakusten dugu gure artea, herritarrengandik ezin gertuago, kultura gure hiri eta herrietako txoko guztietara zabaltzeko asmoz. Ugariak eta askotarikoak dira gure lanak, alaiak, tristeak, jostariak, harrigarriak, barregarriak, gogorrak, freskoak, arinak, sakonak, txikiak, erraldoiak… Baina denok dugu zerbait komunean, oinarri garrantzitsu bat: euskaraz lan egiten dugula.
Zorionez, gero eta konpainia gehiago gara euskaraz sortu eta euskara gure kaleetara eramaten ari garenak. Baina are gehiago izan nahi dugu eta, horretarako, Euskal Herriko konpainia berri, zahar, txiki eta handiei euskaraz sortzeko deia egiten diegu. Izan ere, kaleko arteek naturaltasunez, biziminez eta itxaropenez betetzen dituzte gure eguneroko bizitzaren agertokiak. Eta, gure lanen bitartez, euskarak ere naturaltasunez, biziminez eta itxaropenez betetzen ditu gure kaleak eta plazak.
Horregatik aldarrikatzen dugu euskarazko kaleko artearen indarra eta garrantzia gure hizkuntzak, gure kulturak eta gure gizarteak aurrera egin dezaten. Gure hiri, herri, auzo eta plazetan euskara entzuten den bakoitzean, pauso handi bat ematen dugu gizarte anitzago eta biziago bat lortzeko bidean. Eta, horregatik, irmo esaten dugu hiri, herri, auzo eta plaza gehiago behar ditugula euskarazko kaleko arteentzat. Euskaraz sortzen dugun konpainien aldeko apustua biderkatzeko unea da, kultura bizi baten alde.
Baina plaza gehiago bakarrik ez. Begi, belarri, mingain eta bihotz gehiago ere ezinbestekoak dira. Horregatik, euskaldun zahar, berri, txiki, handi, erdi, oso, aktibo, pasibo, alai, triste, mehe, zabal, beltz, zuri, berde eta urdinei, guzti-guztiei, kaleko arteez gozatzera etortzeko dei egin nahi diegu. Ikusle eta artista, denon bultzada behar-beharrezkoa da euskarak gero eta leku gehiago izan dezan gure hiri, herri eta auzoetan. Publikoaren beharra dugu. Elkarren beharra dugu. Eta euskarak gu denon begi, belarri, mingain eta bihotzen beharra du. Etorri, ikusi, geratu, gozatu eta gomendatu.
Lau haizetara esan nahi dugu: Antzerki, dantza, zirku gehiago; kale gehiago; euskara gehiago.
Euskara, jalgi hadi plazara! Jalgi gaitezen kalera!
Sinatzaileak
Ameztu Antzerkia
Arriera
Atx Teatroa
AXUT!
Bapateanzirko
Berdinki zirku garaikidea
Bitsa konpainia
Halako Ezpala
DAB dantza konpainia
Deabru Beltzak
DMC Konpainia
Eidabe
Ertza
Fluteatro
Gaizka Chamizo
Goitibera
Haatik Dantza
Harrobi Dantza Bertikala
HIKA Teatroa
Libre
Nai Imaginazioak
InPut konpainia
Ixabel Agirresarobe Arzallus
Janire Etxabe
Kamikaz kolektiboa
La Pez
Metrokoadroka
Nazaret Froufe
Pantzart
Patata Tropikala Antzerki laborategia
Piszifaktoria Ideien Laborategia
Rouge elea
Txalo-Talo
Xabi Larrea
Xilipurdi Antzerkia
Zirkodomoa Barakaldo
Zo-Zongó