Memoria kolektiboa, etxeko objektuak eta Bidasoarekin eraikitako harremanak izango dituzte ardatz 2026ko Ribera Bekaren bi proiektu irabazleek. Kafe kikara batean eta Bidasoko Toponimia ttikia egitasmoek ikerketa eta sorkuntza artistikoa uztartuko dituzte, lurraldeari eta haren oroimenari begirada berriak eskaintzeko.
2026ko Ribera Bekek badituzte irabazleak. Gizarte-zientzien eta artearen esparruan ikerketa-ekintzako proiektuak sustatzea helburu duen deialdiak aurten bi proposamen saritu ditu: Kafe kikara batean eta Bidasoko Toponimia ttikia. Iragarpena Nuria Alzagak egin du, proiektu irabazleetako ordezkariekin batera egindako aurkezpenean.
Alzagak azaldu duenez, “2016an beka sortu zenetik izaera aitzindaria izan du, bereziki tandem formatuagatik: artearen eta antropologia edo ikerketaren arteko lotura sustatzen duen lan eredua”.
Urte hauetan, Ribera Bekaren bidez garatutako proiektuek Bidasoako memoria kolektiboari lotutako kontakizunak eta esperientziak argitara ekarri dituzte. Askotariko adierazpen artistikoak erabiliz —ikus-entzunezkoak, antzerkia, performanceak edo eskulturak, besteak beste—, mugaren desagerpena, Irungo soinu-memoria edo Bidasoaren memoria emozionala bezalako gaiak landu dira.
Kafe kikara batean
Kafe kikara batean proiektuak Porcelanas Bidasoaren piezak ditu abiapuntu. Francisco Marisek eta Eider Rodriguezek aurkeztutako proposamenaren helburua film dokumental labur edo ertain bat sortzea da, Irungo memoria begirada artistiko eta genero ikuspegitik aztertzeko. Horretarako, etxeetan gordetzen diren objektuak eta haiekin lotutako bizipenak baliatuko dituzte, batez ere emakumeen kontakizunen bidez.
Egileen arabera, etxeko objektuak memoria indibidual eta kolektiboaren gordailu bihur daitezke, eta baxeren eta irudien bidez oroitzapenak, afektuak eta ohiturak aktibatzen dira. Familia ospakizunak edo kafe baten bueltan sortutako erritu txikiak ere memoria partekatuaren osagai bihurtzen direla aztertu nahi dute.
Bidasoko Toponimia ttikia
Bestalde, Bidasoko Toponimia ttikia lanean, Jon Abrilek eta Asier Gogortzak Bidasoak Bera eta Hondarribia-Hendaia artean duen tarteko toponimia txikia bildu nahi dute. Horrez gain, toki horien inguruko argazki-bilduma bat osatuko dute, herritarren eta ibaiaren arteko harremanaren aztarnak jasotzeko.
Proiektuak desagertzeko arriskuan dagoen izendegi hori berreskuratzea bilatzen du, baina baita toki-izenek komunitateentzat izan duten esanahia ere. Egileen asmoa belaunaldiz belaunaldi Bidasoarekin eraikitako harremanak eta hari lotutako pertzepzioak aztertzea da.
Ribera Bekak bederatzi hilabeteko garapena aurreikusten du eta tandem formatuan antolatzen da, arteari lotutako profil bat eta ikerketara bideratutako beste bat uztartuz. Aurtengo edizioan, gainera, beken zuzkidura handitu egin da: bi laguntzek 11.250 euro izango dituzte, aurreko edizioetako 9.000 euroen aldean.