(argazkia: EHU)

Literatura eta artearen bidez Gernikaren memoria berrirakurtzeko proposamena

EHUren Arabako Campuseko Koldo Mitxelena Liburutegiak Gernika(k) bibliotekan izeneko erakusketa ireki du, Gernikaren inguruko irudikapen literario eta ikus-entzunezkoen ibilbide zabala proposatuz, Pablo Picassoren obrarekin elkarrizketan.

Gernika(k) bibliotekan izeneko erakusketa bibliografiko eta ikus-entzunezkoak Gernikaren inguruan eraikitako memoria kulturalera hurbiltzeko gonbita egiten du. Erakusketak gertakari historikoaren eta Picassoren Guernica lanaren literatur eta arte-errepresentazioak jartzen ditu erdigunean, ia mende bateko sorkuntza eta interpretazioak bilduz.

Antolatzaileen arabera, askotariko formatu eta generoetako lanak aurki daitezke erakusketan: “eleberriak, ipuinak, olerkiak, kronikak, biografiak, saiakera-lanak eta ikus-entzunezko sorkuntzak. Pieza horiek guztiek Gernikaren memoria kulturala eraikitzen lagundu dute, eta haren esanahi sinbolikoaren bilakaera erakusten dute, memoria traumatiko garaikideekin elkarrizketan”.

Erakusketako materialaren hautaketa MHLI ikerketa taldeak (Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan) garatutako Gernika(k)/Guernica(s) datu-basetik abiatu da. Bildutako lanek agerian uzten dute nola kontatu, irudikatu eta berrinterpretatu den Gernika urteetan zehar, eta nola sortu zaizkion esanahi berriak denboraren joanean.

Gernika(k) bibliotekan erakusketa Arabako Campuseko Liburutegiko Elurreta eraikineko hallean dago ikusgai, eta uztailaren amaierara arte bisitatu ahal izango da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna