Gasteizko Museoak Fantasia eta arrazoia erakusketa irekiko du bihar, eta lehen aldiz batera aurkeztuko ditu Francisco de Goyaren lau estanpa sail nagusiak: Kapritxoak, Gerraren hondamendiak, Tauromakia eta Burugabekeriak. 2027ko otsailera arte egongo dira ikusgai.
Fantasia eta arrazoia erakusketan ikusgai dauden Kapritxoak, Gerraren hondamendiak, Tauromakia eta Burugabekeriak 2022an iritsi ziren museora, Juan Celaya Letamendi Fundazioak Arabako Foru Aldundiarekin zituen zerga-zorrak kitatzeko egindako ekarpenaren bidez. Dokumentazio, katalogazio, azterketa eta zaharberritze lanen ostean aurkeztuko dira orain lehen aldiz batera.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “serie hauek artistaren begirada kritikoa eta giza izaerarekiko interesa erakusten dituzte ikuspegi desberdinetatik. Kapritxoak lanean ezjakintasuna, superstizioa eta gizarteko zenbait estamenturen joerak kritikatzen dira; Gerraren hondamendiak sailean gerraren indarkeria eta tragedia ageri dira; Tauromakiak zezenketaren gaia jorratzen du tonu kritiko batez; eta Burugabekeriak sailean sormen askatasuna, anbiguotasuna eta gizarteari buruzko gogoetak nabarmentzen dira”.
Museoen Egunaren harira egindako aurkezpenean, Ana del Val Kultura diputatuak eta Sara Gonzalez de Aspuru Arte Ederren Museoaren arduradunak erakusketaren balioa azpimarratu dute. Haien esanetan, “Goyaren lanek gaur egungo sentsibilitatearekin elkarrizketan jarraitzen dute, eta haren begirada kritiko eta gizatiarrak gaurkotasuna mantentzen du”.
Fantasia eta arrazoia erakusketa 2027ko otsailera arte bisitatu ahal izango da Gasteizko museoan.