(argazkia: UEU)

Euskarak unibertsitatean duen balio ofiziala izango dute hizpide UEUk Udako Ikastaroetan

Hausnarketa eta gizarte-eraldaketa ardatz hartuta, UEUk 23 jardunaldi antolatu ditu aurtengo Udako Ikastaroen barruan. Antolatzaileen arabera, ikastaroek arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune izaten jarraitu nahi dute, hainbat eragilerekin elkarlanean.

UEUk euskarak unibertsitatean duen balio ofizialaren inguruko hausnarketa mahaigaineratuko du aurtengo Udako Ikastaroetan. Guztira, 23 jardunaldi antolatu ditu hainbat eragilerekin elkarlanean, hausnarketaren bidez gizartean eraldaketa sustatzeko asmoz.

Aurkezpenean Aitor Bengoetxea Alkorta UEUko zuzendariak, Irati Iciar Madinabeitia UEUren Udako Ikastaroen arduradunak eta Oihana Gale Zamponik UEUko Ipar Euskal Herriko arduradunak parte hartu dute. Bertan, Udako Ikastaroak ezagutza partekatzeko eta gogoetarako espazio gisa aurkeztu dituzte.

Bengoetxeak azaldu duenez, duela lau urte erabaki zuen UEUk Udako Ikastaroak gogoeta gune bihurtzea: “Gure helburua hausnarketaren bidez gizartean eraldaketa sortzea da”. Gainera, ikastaroek duten izaera parte-hartzailea ere azpimarratu du, herritarren ekarpena sustatzeko asmoarekin.

Hasiera-jardunaldian UEUrentzat estrategikoa den gaia landuko dute: Euskararen balio ofizial akademikoaren erronka unibertsitatean. Euskarazko produkzio zientifikoa gainbeheran doa, eta uste dugu horren arrazoi nagusia dela euskarak maila akademikoan izan beharko lukeen balioa ez edukitzea. Kezka horrek hainbat galdera piztu ditu UEUren baitan: zein da euskarak unibertsitatean duen balioa? Zer egin daiteke egoera hori hobetzeko? Nola konektatu dezakegu eztabaida hau euskararen biziberritzearen pizkunde-garaiarekin? Gai hau landu eta gizarteratu nahi dugu Euskaltzaindiaren laguntzaz”, adierazi du Bengoetxeak.

Iciarrek, bere aldetik, Udako Ikastaroen presentzialitatea azpimarratu du: “aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa da udakoetan, jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburua. Udakoak arnasgune akademikoa dira bertara hurbiltzen direnentzat eta baita euskaldunen topagunea ere. Jardunaldiek formatu eta izaera ezberdinak hartuko dituzte, ohiko hitzaldiez osatutakoak, mahai-inguruak, tailerrak eta ikerketa ere barnebiltzen dituztenak: ikertzaileen lanak gizarteratzeaz gain, aditu eta arituen hitzak jaso eta elkarrekin lantzeko aukerak eskainiko dira”.

Lankidetzan oinarritzen diren ikastaroak

Hala, jardunaldi guztiak neurrira egindakoak direla azaldu du Iciarrek: “Udako Ikastaro hauek lankidetzan oinarritzen dira, eta hainbat eragilerekin batera antolatu ditugu aurten: Euskalgintzaren Kontseilua, Jakin, Oinherri, Iratzar Fundazioa, ALDEE… Eta jende multzo zabalak izena eman dezake bertan: alorreko profesionalak eta adituak, gaian interesa duenak eta azken finean, euskaldun guztiek”.

Udako Ikastaroek hilabete iraungo dute aurten, ekainaren 11tik uztailaren 10era, eta Euskal Herriko txoko askotara iritsiko dira: Iruñea, Eibar, Baiona, Tolosa, Usurbil, Bilbo, Gasteiz eta Errenteriara. Ahalik eta jende gehienak parte har dezan, 12 euro balioko dute matrikula guztiek. Informazio guztia www.ueu.eus helbidean aurkituko duzue.

Amaitzeko, Galek Ipar Euskal Herrian lortu nahi dituzten helburuak azaldu ditu: UEUk Ipar Euskal Herriko ikertzaile eta unibertsitate-komunitatearentzat erreferentzia bilakatu eta sare indartsua sortu nahi du urte guztian zehar. Era berean, formazio-eragile bihurtu nahi dugu bertako erakunde, elkarte eta profesionalentzat. Horretaz gain, dibulgazio-ekintzak egiteko asmoa dugu. Azkenik, unibertsitate, hezkuntza, euskalgintza zein kulturgintzako gainontzeko eragileekin elkarlanak sustatu nahi ditugu”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna