Egun bakarreko egitasmo gisara antolatuko da aurten Bardoak. Taldekako bertso txapelketa bat izango du funtsean egitarauak, taberna girokoa, eta otorduez lagundua.
Bertsozaleren arabera, 2012an estreinatu zenetik, bi urtean behin ospatu da Bardoak, Nafarroako taldekako bertso txapelketa, banakako txapelketarekin txandaka.
Zazpi edizio egin dira ordutik hona, eta ehunka parte hartzaile pasa dira bertatik: bertsolariak, gai-jartzaileak, laguntzaileak… “Aurtengoan Bardo Eguna ospatuko dugu, 2022ko egun haren moldeari jarraituz. Egun bakarrean bada ere, Bardoen izpirituari eutsi nahi izan diogu: hain zuzen ere, helduen Bertso Eskolak saretzea izango du helburu Bardo Egunak. Ekainaren 20an ospatuko da, Leitzan, arratsaldez”.
Eskolen arteko harremanak bultzatuz
Egunean bertan osatuko dira taldeak, eskola ezberdinetako bertsolariak nahastuz. Hala, Bertso Eskoletako partaideen arteko harremanak bultzatuko dira.
Denera, bi saio jokatuko dira, bata bestearen atzetik, Leitzako bi tabernatan. Horietako bakoitzean nagusitzen den taldea zuzenean sailkatuko da finalera. Afalostean jokatuko da finala.
Izen-emateari dagokionez, bertsolari edo gai-jartzaile gisara hartu daiteke parte taldekako txapelketan, baina ezinbestekoa izango da aldez aurretik ondorengo formularioan izena ematea, maiatzaren 31 baino lehenago. “Saio guztiak irekiak izango dira, bai eta afaria ere, baina azken honetarako ere aldez aurretik izena eman beharko da, aurrerago zabalduko dugu honetarako aukera”, zehaztu du elkarteak.