(argazkia: Gerediaga Elkartea)

Musika proiektu bat sarituko du Durangoko Azokako Sormen Bekak

Irailaren 21era arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik. Aurtengo Durangoko Azokaren baitan ezagutzera emango dute irabazlea.

Euskarazko sorkuntza sustatzeko eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera emateko asmoz, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak martxan jarri dute Sormen Bekaren bederatzigarren edizioa. Aurten, musika proiektu bat laguntzera bideratuko da beka.

Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidenteak adierazi duenez, “Sormen Bekarekin ibilbide emankor eta polita egin dugu urteotan, eta sortzaile berrien bidelagun izaten jarraitu nahi dugu. Aurten, musikaren diziplinari eskainiko diogu beka eta, ohi bezala, sortzaile berriek parte hartu ahalko dute deialdian, banaka zein taldeka. Izan ere, beka honen bidez, sorkuntzaren munduan hasten ari direnei eman nahi diegu bultzada”.

Deialdian sortzaile berriek parte hartu ahalko dute, banaka zein taldeka. Lana jatorrizkoa izan beharko da, eta hitzak barne hartzen baditu euskara hutsekoa izan beharko da. Proposamenak aurkezteko irailaren 21era arteko epea egongo da, gerediaga@durangokoazoka.eus helbide elektronikora bidalita. Deialdiaren oinarriak durangokoazoka.eus webgunean daude eskuragarri.

Irabazlea aurtengo Durangoko Azokaren barruan emango da ezagutzera, eta hautaturiko sortzaileak edo taldeak 15.000 euro jasoko ditu proiektua garatzeko. Gero, sormen lan horren emaitza 2027ko Durangoko Azokan aurkeztuko da jendaurrean.

Rol jokotik komikirainoko bidea

2018az geroztik kultur sorkuntzako diziplina ugaritan kokatu da Sormen Beka.

Iazko edizioan Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak komikia (Usue Egia, Ainhoa Olaso eta Mikel Urdangarinek sortua) izan zen irabazlea, eta aurtengo Durangoko Azokan aurkeztuko dute egitarauaren barruan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna