Leire San Martin Marcos (argazkia: Katakrak)

Erorien Monumentua, sorgin-ehiza eta euskal pilota izango dituzte hizpide Iruñeko euskarazko ibilaldi gidatuek

Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak elkarlanean antolatu dituzte doako bisita horiek. Parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da euskera@ateneonavarro.es helbide elektronikoan.

Erorien Monumentuaren eraikuntza eta haren eragina Iruñeko hirigintzan, Iruñean izandako sorgin-ehiza eta euskal pilotak Iruñean izandako historia dira Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak ekaineko lehenbiziko hiru asteazkenetarako antolatu dituzten euskarazko hiru ibilaldi gidatuetan jorratuko diren gaiak. Bi erakundeak elkarlanean aritzen dira urtean zehar euskarazko kultur jardueren programa bat abian jartzeko asmoz; besteak beste, hitzaldiak, musika, errezitalak eta ikus-entzunezkoak antolatzen dituzte. Ibilaldi gidatuak doan dira, baina aurrez izena eman behar da euskera@ateneonavarro.es helbide elektronikoan. Leku-kopurua mugatua izango da: talde bakoitzean 25 pertsona izango dira, eta ibilaldi bakoitzean bi txanda egingo dira; lehen ibilaldia 16:00etan izango da, eta bigarrena, 18:00etan.

Erorien Monumentuaren eraikuntza eta horrek Iruñeko hirigintza-garapenean izandako eragina jorratuko da lehen bisitan, ekainaren 3an. Erorien Monumentua (gaur egun, Askatasun plazako Arma aretoa izena du) mugarri nagusia da Bigarren Zabalgunean. 40ko hamarkadan diseinatu zuten, altxamendu nazionalaren sinbologia inposatzeko asmoz. Udalaren esanetan, “eraikinaren bertikaltasunak eta kupulak haustura hierarkiko bortitza sortzen dute hiri-trazaduran, eta, horrez gain, eraikinak bizitegi-zonaren, Alde Zaharraren eta hegoaldeko eremuaren arteko loturak antolatzen ditu”. Ibilaldiak 16:00etan eta 18:00etan abiatuko dira Askatasun plazatik, Karlos III.aren etorbidearen amaieran, urmaelaren ondoan.

Sorgin-ehizaren garaiko Iruña

Leire San Martin arte-historialariak, berriz, Sorgin-ehizaren garaiko Iruña izeneko bisita gidatuko du ekainaren 10ean. Sorginkeria dela-eta Jazarritako Emakumeen Memoriaren aldeko Nazioarteko Kanpainan (memoriadelasbrujas.net) parte hartu du historialariak, eta Iruñeko nodoan (Sutara! izenekoan) eta Sorgin-ehiza Iruñean. Tormentuaren gela, prozesio zitala eta sua liburuaren egilea da.

Ibilaldian, San Martin “saiatuko da beste esanahi bat ematen gure egunerokoan bizileku ditugun eta XVI. eta XVII. mendeetan gure hirian sorginkeriaz akusatutako emakume haiek jasan zuten oinazearen lekuko izan ziren espazio horiei, eta aldi berean, sorginaren konstruktu intelektuala desmitifikatzen joango da”, zehaztu dute antolatzaileek. Ibilaldiak 16:00etan eta 18:00etan abiatuko dira Iruñeko Udaletxe plazatik.

Azkenik, ekainaren 17an, euskal pilotari buruzko bisita antolatu dute. “Ibilaldian, euskal pilotak Iruñean izan duen historia jorratuko da, eta XIX. eta XX. mendeetan pilotan jokatzen zen tokiak bisitatuko dira: Kale Berria (Iruñeko Zabalgune egin berriaren hasieran), Sarasate pasealekuaren inguruak eta antzinako judutegia. Pilotan jokatzeaz gain, toki horietan bene-benetan gurea dugun beste modalitate batean ere aritzen ziren, erremontean, hain zuzen”. Ibilaldiak 16:00etan eta 18:00etan abiatuko dira Parlamentuaren sarreratik, Sarasate pasealekutik.

Zabaldu:

Utzi erantzuna