1931n Ategorrietan Pasaiako arrantzaleen aurka egindako sarraskiaren memoria jasotzen du lanak. Malen Gainzarainek egin ditu ilustrazioak, eta Beñat Apalategi, Lander Arbelaitz eta Markel Ormazabal gidoiaz arduratu dira.
1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilak Pasaiako arrantzaleen aurka Ategorrietan egindako oldarraldiak zazpi lagun hil zituen. Gertakari haren memoria jasotzeko asmoz sortu da Ategorrietan Fisterra komikia; omenaldi gisa kaleratu du Argia argitaletxeak, Pasaiako Udalaren babesarekin, sarraskiaren 95. urteurrenean.
Ilustrazioak Malen Gainzarainek egin ditu, eta Beñat Apalategi, Lander Arbelaitz eta Markel Ormazabal gidoiaz arduratu dira. Era berean, Koldo Izagirrek hitzaurrea eta amaierako poema idatzi ditu, eta komikiko elkarrizketen idazketa-aholkulari ere izan da.
Dokumentazio lan zabala
Lanak komikiaren formatua gainditu nahi du, dokumentazio-lan zabala bilduz. Horretarako, besteak beste, Ategorrietan eraildako Jose Novo galiziarraren senideei egindako elkarrizketak, mapa kronologikoak, argazkiak, Beñat Gaztelumendiren koplak eta hainbat pertsonaiaren inguruko pasarteak jaso dituzte.
Argitalpenarekin batera, soinu-banda ere sortu dute binilo formatuan. Bi kantu berri bildu dituzte bertan, elkarlanean sortuak, eta Niña Coyote eta Chico Tornado, Bala, Gailu eta Nakar taldeetako kideek parte hartu dute.
Komikiaren aurkezpena bihar, maiatzak 27, egingo da Trintxerpeko liburutegian, 19:00etan, eta herritar guztientzat irekia izango da.
Goizean, bestalde, omenaldi instituzionala egingo dute Trintxerpen. Lore-eskaintzarekin batera, Nora Gondatek urteurrenerako prestatu duen sorkuntza artistikoa zuzenean aurkeztuko du.