Nobelak tentsio psikologikoa eta gizarte-arrakalak ditu ardatz.
Leïla Slimani idazle eta kazetari frantses-marokoarraren Kantu leuna eleberria euskaraz irakurri ahal izango da hemendik aurrera, Nahia Zubeldiak egindako itzulpenari esker. Alberdania argitaletxeak argitaratu du lana, eta egilearen obra bat euskaratzen den lehen aldia da. Nazioarteko arrakasta handia lortu zuen eleberriak, besteak beste, 2016ko Goncourt saria irabazi zuen.
Istorioak Paul eta Myriam senar-emazteak ditu abiapuntu. Myriamek lanera itzultzea erabakitzen du, eta bikotea haurtzain baten bila hasiko da. Hautaketa prozesu baten ondoren, Louise aukeratuko dute, eta hasieran ezinbesteko laguntza dirudiena pixkanaka bestelako harreman konplexu baten erdigune bihurtuko da. Familia barruko oreka, mendekotasunak eta isilean eraikitzen diren tentsioak izango dira kontakizunaren ardatz.
Aritz Galarraga editorearen hitzetan, Kantu leuna “thriller psikologiko hotz, zehatz eta ezinbestean erakargarria” da. Haren esanetan, eleberriak eguneroko egoera arrunt batetik abiatuta “giro itogarri eta kezkagarri bat eraikitzen du”, eta normaltasunaren azpian ezkutatzen diren arrakalak azaleratzen ditu. Gaineratu duenez, narrazioaren indargune nagusietako bat tentsioa bera da: “ez da gertakarien kontakizun hutsa, psikologiaren eta isiltasunaren arteko joko etengabea baizik”.
Eleberriak, gainera, amatasuna, lana, klase soziala eta zaintza lanaren ikusgaitasun eza bezalako gai garaikideak jorratzen ditu. Familia baten eta haurtzainaren arteko harremanaren bidez, pertsonaien konplexutasun psikologikoa eta mendekotasun emozionalak aztertzen ditu, etiketetatik ihesi.
Bestalde, itzulpena mugarri pertsonala ere izan da Zubeldiarentzat; izan ere, eleberri oso bat euskaratzen duen lehen aldia da. “20 urte daramatzat itzultzaile gisa lanean, baina eleberri bat itzultzera menturatzen naizen lehen aldia izan da”, azaldu du. Gainera, hasieratik baldintza bat jarri zuen: lana baxenabartar lapurteraz egitea. “Hala ere, banekien irakurle gehienak, kasik den-denak, hegoaldekoak izanen zirela. Beraz, zilegi al zen ene euskara inposatzea? Ikuspegia aldatzea izan zen dena: inposatu baino, desberdintasunak dakarren aberastasuna ekarriko niela pentsatu nuen. Bizkaiera entzuteak ematen didan plazer hori sentiarazten ahal badiot irakurleari, opari gisa ere ikus daiteke! Horrela jo nuen aitzina”.
Itzultzaileak aitortu du prozesua luzea eta zaila izan dela, “atsegina baina zaila, eta esaldi bakoitza behin eta berriz landuz. Hala ere, azken emaitzarekin pozik geratu dela nabarmendu du: “hautua ona edo txarra izanen da, baina hautu kontzientea bada”.