Oier Guillan eta Idoia Beratarbide (argazkia: AEK-Korrika)

Komedia “basati” batekin helduko da Metrokoadroka Korrika Kulturalera

Laster eroriko da izeneko antzezlanak AEK-Korrikaren III. Kultur Sorkuntza Beka irabazi du. 2027ko azarotik 2028ko apirilera bitartean taularatuko da, Euskal Herriko hainbat eszenatokitan.

AEK-Korrikaren III. Kultur Sorkuntza Bekaren irabazlea aurkeztu dute Tafallako Kulturgunean: Metrokoadroka kolektiboaren Laster eroriko da antzezlana. Beka horrek Korrika Kulturalaren egitasmo nagusia taxutzen du, eta 23.000 euroko aurrekontua du. Prentsaurrekoan Ane Elordi Korrikako arduradunak eta Metrokoadrokaren ordezkari Idoia Beratarbidek eta Oier Guillanek hartu dute parte.

Elordik azaldu duenez, AEK-Korrika Kultur Sorkuntza Bekaren bidez hiru helburu nagusi betetzen dira: “Korrikari esker lortzen diren diru baliabideen zati bat onura ekonomikorik ez dakarten baina gizarte-onura bilatzen duten ekimenetan inbertitzea”; kultur arloan euskaraz aritzeko espazioak sustatzea; eta euskal kultur sorkuntzan eragile izatea.

Sortzaileen hitzetan, Laster eroriko da “komedia basatia” izango da, eta publikoari kantaraztea izango du helburu. Antzezlanaren abiapuntuan, bi gazte eta haien aitona egongo dira jangela batean: aitonaren 99. urtebetetze ospakizuna prestatu beharko dute, bazkalosteko kantutegiarekin batera. Arazoa, ordea, argia da: gazteek ez dakite ez sukaldean aritzen, ezta euskal kanta klasikoen hitzak ere.

Obraren izenburuak Agure Zaharra kantuari egiten dio erreferentzia, eta aurreko belaunaldien askatasun-ametsei lotzen zaie. Testuinguru horretatik abiatuta, belaunaldien arteko talka jorratuko du lanak, baina baita bazkalosteetako kantuei omenaldia egin ere. Horrez gain, transmisioaren, euskal kulturaren eta komunitatearen inguruko hausnarketa proposatuko du. Egileen arabera, “gorroto-mezuei aurre egiteko inkonformismoa eta mundu hobea sortzeko itxaropena” sustatu nahi dituzte, gogoraraziz “mundu hobe hori belaunaldiz belaunaldi birdefinitu beharra” dagoela.

Ikusleak obraren parte aktiboa

Ikusleak ere ez dira ohiko publiko huts izango. Metrokoadrokaren asmoa da ikusleak “obraren parte aktiboa” izatea. Horretarako, emanaldi batzuetan bazkaloste giroa sortzea aurreikusi dute, publikoak jan eta kantuan parte hartzeko aukera izan dezan. “Helburua da benetako bazkari baten atmosfera sortzea, publikoa eszenografiaren eta kontakizunaren barruan txertatuta”, azaldu dute Guillanek eta Beratarbidek.

Epaimahaia Anabel Arraizak, Galder Perezek, Asier Rubiok, Kattina Haranek eta Eneko Gilek osatu dute. Elordiren esanetan, epaimahaiak proposamenaren “planteamendu berritzailea” eta “garatu nahi duten ideiaren potentzia” nabarmendu ditu.

Proiektua Ainhoa Alberdik, Idoia Beratarbidek eta Oier Guillanek sinatu dute. Oraingoz jakinarazi dutenez, lau aktore izango dira oholtza gainean: Alberdik agurearen rola egingo du, Beratarbide zuzendari artistikoa izango da eta Guillan dramaturgiaren arduraduna. Gainerako lantaldea datozen hilabeteetan osatuko dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna