(Gipuzkoako Bertsozale Elkartea)

Leintz taldeak jantzi du Herriarteko txapela

Umoreak eta ofizioko ariketek markatutako finalean, Urretxu-Zumarragako taldea izan zuten aurkari txapeldun berriek.

Ane Zuazubiskar, Haizea Arana, Oihana Arana, Larraitz Trojaola eta Olatz Zuazubiskar dira Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako txapeldun berriak. Leintz taldeko bertsolariek irabazi zuten finala larunbatean, eta Urretxu-Zumarragako Mikel Iturriotz, Antton Fernandez, Manex Mantxola, Jon Mendizabal eta Leire Akizu izan ziren txapeldunorde.

Saioan, Leintz taldea izan zen finalean agurra kantatzen lehena, eta umorez hasi zuten lehen bertsoetatik. Ondoren Urretxu-Zumarragakoak igo ziren oholtzara, txapelketan egindako ibilbidea kantagai hartuta, eta haiek ere algaraka jarri zuten publikoa.

Lan puntuagarrietan libreko ariketa izan zen lehena. Haizea Arana eta Manex Mantxola aritu ziren mikro aurrean, umore handiko saioa osatuz eta elkarri erronkak botaz. Hamarreko txikian, berriz, Ane Zuazubiskarrek eta Mikel Iturriotzek elkartzeko zailtasunak zituzten bi lagunen paperetik jardun zuten.

Ezohiko ariketan, talde bakoitzeko bertsolari batek hamabi errima jaso eta hiru zortziko txiki osatu behar izan zituen. Leintzeko Oihana Aranak eta Urretxu-Zumarragako Antton Fernandezek egin zuten lana.

Zortziko txikian ofizioka aritu ziren berriro Haizea Arana eta Manex Mantxola, autobuseko bi bidaiariren rolean, sakelakoaren pantailari begira.

Puntuei erantzuteko lanean, Antton Fernandezek udako jaiez eta festa giroaz kantatu zuen; Ane Zuazubiskarrek, berriz, bere aisialdiari lotutako puntuei erantzun zien.

Bakarkako ariketan, Oihana Aranak umoregile bihurtutako bertsolari baten azaletik jardun zuen, “umorearen marra gorria” gainditu izanaren gaiarekin. Mikel Iturriotzek, aldiz, ezkontza batera joateko zalantzak izan zituen lagunaren papera hartu zuen.

Koplaka ariketan Ane Zuazubiskar, Haizea Arana, Mikel Iturriotz eta Manex Mantxola aritu ziren, pisukideen arteko komeriak kantatzen. Atzekoei kantatzeko lanean, Antton Fernandezek bidaia bat norekin egin erabaki behar izan zuen bere taldekideen artean; Leintzen kasuan, Haizea irakasleak bere bi ikasleen azterketetako trikimailuak asmatu nahian jardun zuen.

Ganbarako lanean amaitu zen finala. Pagoeta parkean orientazio-proba batean lehiatzen ari ziren bi taldeen egoeratik abiatu ziren bertsolariak, eta bi bertsoaldi biziren ostean iritsi zen epaimahaiaren erabakia.

Txapela azken Herriarteko txapelketako talde irabazleko ordezkariek jarri zieten irabazleei: Unai Mendizabalek eta Igotz Alkortak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna