(argazkia: Musika Bulegoa)

Euskal musikaren aniztasuna eta sormena saritu dituzte Musika Bulegoa Sarietan

EZEZEZ, Izaki Gardenak, Olaia Inziarte edota Sara Zozaya izan dira 2026ko sarituetako batzuk, eta Fermin Muguruzak Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria jaso du.

Musika Bulegoa Sarien hamargarren edizioak euskal musikaren egungo panoramaren aniztasuna, sormena eta kalitatea aitortu ditu Miarritzeko Atabal aretoan egindako ekitaldian. Guztira hamaika sari banatu dituzte 2026ko edizioan.

Epaimahai profesionalak EZEZEZ, Izaki Gardenak, Jon Saenz, Maite Larburu, Maite Ruiz de Erentxun, Ødei, Olaia Inziarte eta Sara Zozaya saritu ditu. Antolatzaileen arabera, saritutako lanek euskal musikaren gaur egungo errealitate anitza erakusten dute, estilo, formatu eta lengoaia artistiko askotarikoak ordezkatuz.

Bestalde, Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria Fermin Muguruzari eman diote, euskal musika eta euskara nazioartean zabaltzeko egindako ibilbidea aitortuz. EHMBE Ohorezko Saria Javier Corral Jerryrentzat izan da, musika kazetaritzan eta euskal musikaren zabalkundean egindako lanagatik. Publikoaren Saria, berriz, Xabi Aburruzagak jaso du Bask lanari esker, ia 3.000 lagunen botoekin.

Hamargarren urteurrena ospatzeko, sariak Atabal aretora itzuli dira aurten, eta lehen aldiz publiko orokorrari ireki zaizkio. Ekitaldian ehun profesional eta gonbidatu baino gehiago elkartu dira: artistak, musikariak, sortzaileak, komunikabideetako ordezkariak, erakundeetako arduradunak eta musikaren industriako eragileak.

Musikak ere protagonismo berezia izan du galan. Olaia Inziartek ireki du ekitaldia zuzeneko emanaldi batekin, eta ondoren Sara Zozaya, Maite Ruiz de Erentxun, Izaki Gardenak eta Ødei ere igo dira oholtzara.

Zabaldu:

Utzi erantzuna