Fikzioa, dokumentala eta animazioa uztartzen dituzten lanek osatuko dute aurten euskal film laburren nazioarteko zabalkunderako katalogoa.
Kimuak programaren 29. ediziorako hautaketa egin dute dagoeneko. Guztira aurkeztutako 59 proposamenen artean, zazpi film labur aukeratu ditu epaimahaiak 2026ko katalogoa osatzeko: Aho beltza (Alba Lozano), Al otro lado (Pablo Esteo, June San Sebastian, Leyre Fernandez, Antton Gorroño, Leire Martinez, Irune Aguirreazaldegui eta Javier Martínez), Bitartean, gero (Raul Barreras), Hemen gaude (Sebastien Boulard), High River (Daniel Alegrete), Joare Tte (Ekaitz Bertiz) eta Los Divulgators (Pablo Hernando Esquisabel).
Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadiren bidez garatzen den programaren helburua euskal film laburren sustapena eta nazioarteko zabalkundea da. Hautatutako lanak zinema jaialdi eta ikus-entzunezko ekimenetara bidaliko dituzte hemendik aurrera.
Aurtengo hautaketa batzordea nazioarteko hiru profesionalek osatu dute: Aranzazu Calleja musika konpositoreak, Sven Pötting Filmfest Dresden jaialdiko programazio koordinatzaileak eta Pedro Toro kultur ekoizle eta ALCINE jaialdiko zuzendari artistikoak.
Aurtengo katalogoak fikzioa, dokumentala eta animazioa biltzen ditu. Hautatutako filmen artean, hiru euskaraz eginak dira, beste bat euskaraz eta frantsesez, bat gaztelaniaz, eta bi elkarrizketarik gabekoak dira.
Aho beltza filmak Zumaian kokatutako istorio bat kontatzen du, eta Alba Lozanoren hirugarren film laburra da. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan garatu dute, eta Miren protagonistaren bakardadea eta tunel sekretu baten kondaira uztartzen ditu.
Animazioaren alorrean, Al otro lado lanean Piparra kolektiboak umorea erabiltzen du indibidualismoa, adikzio digitalak eta isolamendua bezalako gaiak lantzeko.
Raul Barrerasek zuzendutako Bitartean, gero lanean, etorkizunetik etorritako bost ikertzaile Euskal Herriko haran batera iristen dira desagertutako emozio eta keinuak aztertzeko. Proiektua ere Geuretik Sortuak programaren barruan garatu dute.
Sebastien Boularden Hemen gaude dokumentalak, berriz, Ipar Euskal Herriko kostaldean euskal nortasunak hizkuntzatik harago nola bizirik dirauen aztertzen du, keinuetan, itsasoarekiko loturan eta eguneroko ohituretan arreta jarriz.
High River filmak 1983ko Bilboko uholdeak ditu testuinguru, klub gay batean girotutako fikzio queer baten bidez. Daniel Alegreteren lana Canneseko Short Film Cornerrean ere izan da aurten.
Ekaitz Bertizen Joare Tte filmak joaldunen tradizioa eta haur baten begirada uztartzen ditu, neguko ibar batean girotutako kontakizunean.
Azkenik, Los Divulgators lanean, Pablo Hernandok distopia satiriko bat aurkezten du: iraultza sozialista baten ostean, herritarrek telebista publikoan parte hartu behar duten gizarte batean girotutako istorioa.