Frankismoak errepresaliatutako emakumeen memoria Aietera iritsiko da bihar

Euskal emakumeek diktadura frankistan jasandako errepresioa eta eskubideen alde egindako borroka izango dira erakusketaren ardatz nagusiak.

Donostiako Aieteko Kultur Etxeak Frankismoak errepresaliatutako emakumeak izeneko erakusketa hartuko du ekainaren 11tik irailaren 6ra. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu dute erakusketa eta Euskal Herriko emakumeek diktadura frankistaren urte luzeetan jasandako errepresioari buruzko ibilbidea egin nahi du, memoria historikoa eta emakumeen borroka sozial eta politikoa erdigunean jarrita.

Erakusketak XX. mendeko testuinguru historiko zabala eskaintzen du, emakumeek Euskal Herrian eta munduko beste hainbat lekutan eskubideak eta askatasunak lortzeko egindako bidea gogora ekarriz.

Gerren arteko garaian faxismoa sortu zen eta ideario totalitario eta kolpista baten azpian Espainiako II. Errepublikaren sistema demokratikoa deuseztatu zuten. Konkistatutako eskubideak eta askatasunak ezabatu ziren diktadura-estatu batean; honek emakumea mendetasun-erregimenera mugatzen zuen bai eremu pribatuan, baita espazio publikoan ere.

1960ko hamarkadatik aurrera garai berriak iritsi ziren, frankismoari aurre egiteko prest zegoen belaunaldi berria, eta eskubideak eta askatasunak berreskuratzeko borrokan, emakumeak berriro ere lehen lerroan jarri ziren

Erakusketaren inaugurazioa bihar, ekainak 11, izango da, 17:00etan, Aieteko Kultur Etxean. Bisitariek uda osoan izango dute erakusketa ezagutzeko aukera.

Zabaldu:

Utzi erantzuna