Batera deialdiko crowdfunding kanpainak abian dira

Herritarren ekarpenei esker, Elkaar Ensembleren Herri Hotsak diskoa eta Gaueko: ipuin-lapurreta lurralde mitologikoan mahai-joko literarioa errealitate bihurtzeko bidea zabalduko da.

Batera kultur proiektuak elkarrekin deialdian hautatutako bi egitasmoen crowdfunding kanpainak abian dira jada. Itsulapikoa plataformaren bidez, herritarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte Elkaar Ensemble taldearen Herri Hotsak diskoa eta Gaueko: ipuin-lapurreta lurralde mitologikoan mahai-joko literarioa errealitate bihurtzen laguntzeko.

Kanpaina bakoitzaren xehetasunak, beharrezko gutxieneko finantzaketa eta proiektua osorik garatzeko aurrekontua ikusgai daude plataforman. Gainera, ekarpena egiten dutenek hainbat ordainsari jasotzeko aukera izango dute.

Aukeratutako proiektuetako bat Herri Hotsak da, Elkaar Ensemble euskal haize-boskotearen lehen diskoa. Lanak Euskal Herriko musika klasikoa eta herri-musika uztartuko ditu, euskal konpositoreen piezak eta lurralde desberdinetako kanta tradizionalen moldaketak bilduz.

Gaueko: ipuin-lapurreta lurralde mitologikoan

Bigarren egitasmoa, berriz, euskaratik eta euskaraz sortutako mahai-joko literarioa da. Rol-jokoa, sormena, ipuingintza eta euskal mitologia uztartzen ditu, eta bereziki 5 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dagoen arren, belaunaldi guztiek elkarrekin gozatzeko pentsatua izan da.

Gasteizko Izaskun Arrue Kulturguneak eta Gauekoak programak sustatutako Batera deialdiaren bidez, tokiko kultur sorkuntza eta proiektu berrien garapena bultzatu nahi dira. Ekimenaren sustatzaileen arabera, crowdfunding kanpaina finantzaketa tresna izateaz gain, herritarrak kultur proiektuen garapenean zuzenean parte hartzera gonbidatzeko bide ere bada.

Zabaldu:

Utzi erantzuna