Gorka Urbizu, Haritz Beristain eta Imanol Ubeda berriz igoko dira oholtzara abenduan, urte luzez iraungo duen beste etenaldi baten aurretik.
Peiremans+ taldea berriz elkartuko da 2026ko abenduan kontzertu sorta berezi bat eskaintzeko. Taldeak berak iragarri duenez, “hamar urtean behin elkartzeko ohiturari” eutsiz itzuliko dira oholtzetara, eta bira amaitutakoan berriro desagertuko dira urte luzez.
Gorka Urbizu, Haritz Beristain Txiki eta Imanol Ubedak osatzen duten proiektua 2005ean sortu zen, hasieratik izaera puntualeko ekimen gisa. Tolosako Bonberenea gaztetxearen laguntzarekin argitaratu zuten lehen lana, Peiremans izenekoa, bost kantuz osatutako disko laburra. Lan haren ostean, Marino Goñiren laguntzarekin hainbat kontzertu eskaini bazituzten ere, taldekide bakoitzak bere ibilbideari heldu zion berriro.
Hamar urte geroago, 2015ean, berriz elkartu ziren zuzeneko batzuk eskaintzeko eta material berria grabatzeko. Grabazio haiek 2016an argitaratutako Bigarren Saria lanean bildu zituzten, bost kantuz osatutako beste disko labur batean.
Orain, beste hamar urte igaro direnean, Peiremans+ taldeak etapa berri bat irekiko du Halley Tour 2026 izeneko birarekin. Taldeak aurreratu duenez, prestaketa lanetan murgilduta daude dagoeneko eta inoiz baino gogotsuago itzuliko dira agertokietara.
Halley Tour
Biraren barruan itzuliko da taldea oholtzetara. Abenduaren 4an emango dute lehen kontzertua, Miarritzeko Atabal aretoan, eta handik aurrera Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan ariko dira: Azpeitiko Sanagustin kulturgunean (abenduaren 11n), Gasteizko Jimmy Jazz aretoan (hilaren 17an), Iruñeko Zentralen (23an), Donostiako Dabadaban (26an eta 27an) eta Bilboko Kafe Antzokian (29an). Bira horren ondoren, taldeak berriro etenaldi luze bati ekingo diola iragarri du.
Sarrerak bihar, ekainak 11, jarriko dituzte salgai, Musikaze plataformaren bidez.