Uztailaren 10era arte aurkeztu ahal izango dira hautagaitzak. Aurtengo edizioan handitu egin dira sari ekonomikoa eta nazioarteko sustapenerako laguntzak.
Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren 12. edizioa jarri dute martxan. 2015etik ematen den sariak euskarazko literatura beste hizkuntza, merkatu eta kultur testuinguru batzuetara eramaten duten itzultzaile eta argitaletxeen lana aitortzen du, euskal literaturaren nazioarteko zabalkundean egiten duten ekarpena balioan jarriz.
Aurtengo deialdiak hainbat berrikuntza dakartza. Nabarmenena sariaren zuzkidura ekonomikoaren igoera da: orain arteko 4.000 euroak 6.000 eurora igo dira. Zenbateko hori itzultzailearen eta lana argitaratu duen argitaletxearen artean banatuko da. Horrez gain, nazioarteko sustapen-jardueretarako laguntza osagarria ere handitu da, 2.000 eurotik 3.000 eurora. Laguntza hori aurkezpenak, komunikazio-kanpainak, elkarrizketak edo irakurleekin topaketak antolatzeko erabili ahal izango da.
Obraren zabalkundea
Sariak ez du soilik itzulpenaren kalitatea saritzen. Epaimahaiak kontuan hartuko ditu, halaber, argitaletxearen ibilbidea eta obraren zabalkundea sustatzeko egindako lana. Horrela, euskaraz sortutako literatura beste irakurle eta literatura-sistema batzuetara iristeko egiten den prozesu osoa aitortzen du.
Iazn beste hizkuntza batean argitaratutako euskarazko literatura-lanen itzulpenak aurkeztu ahal izango dira sarira. Hautagaitzak itzultzaileek, argitaletxeek edo literaturaren eta itzulpengintzaren arloko beste eragile batzuek aurkeztu ahal izango dituzte, eta epea uztailaren 10era arte egongo da zabalik. Gainera, Etxepare Euskal Institutuaren AT! Itzulpena: literatura programaren bidez lagundutako lanak automatikoki izango dira hautagai, oinarriak betetzen badituzte.
Azken edizioetan, besteak beste, Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia, Tere Irastortzaren Glosak, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik, Miren Agur Meaberen Hezurren erretura edo Katixa Agirreren Amek ez dute lanen itzulpenak saritu dituzte.
Sari banaketa Itzultzaileen Nazioarteko Egunaren inguruan egingo da, eta antolatzaileek datozen asteetan emango dituzte ezagutzera ekitaldiaren data eta tokia.