(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Unax Aizpuruak irabazi du Euskal Herriko Eskolartekoaren finala Arantzan

Larunbatean jokatu zen Euskal Herriko Eskolartekoaren finala, eta Kattalin Lizarraga Mendia izan zen txapeldunordea.

Arantzak hartu zuen larunbatean Euskal Herriko Eskolartekoaren finala. Goizean zehar bertsozalez bete zen plaza, eta 11:30ean hasi zen saioa, Ekain Alegre Gilek konposatutako sintonia berriaz lagunduta eta parte-hartzaileen aurkezpenarekin.

Guztira hamahiru gazte bertsolari igo ziren oholtzara: Kattin Madariaga Apaolaza, Jon Abasolo Sarralde, June Astegieta Unzaga, Maia Ortiz de Zarate Idiakez, Adei Urbitarte Ayestaran, Kattalin Arabolaza Palomo, Nahia Etcheverry Lopepe, Iradi Barrenetxea Akesolo, Gana Berhokoirigoin Zubeldia, Johane Larre Salaberri, Unax Aizpurua Ibargarai, Kattalin Lizarraga Mendia eta Leina Alkhat Larrandaburu. Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Eki Mateorena Zozaia, berriz, gai-jartzaile lanetan aritu ziren.

Lehen atalean, bertsolariek zortziko handiko ariketan bina bertso osatu zituzten eta jarraian bina bertso zortziko txikian. Ariketa horien ondoren, sei bertsolari sailkatu ziren bigarren fasera: Iradi Barrenetxea, Kattalin Arabolaza, Kattalin Lizarraga, Kattin Madariaga, Nahia Etcheverry eta Unax Aizpurua. Bigarren atal horretan, bakarka aritu ziren, puntua emanda eta gaia emanda osatu beharreko ariketetan.

Epaileen erabakiaren ondoren, Aizpurua izendatu zuten 2026ko Euskal Herriko Eskolarteko txapeldun. Txapeldunordea, berriz, Lizarraga izan zen. Estitxu Arozenak jantzi zion txapela irabazleari, bertsozaleen txalo artean.

Finalistek hainbat sari ere jaso zituzten. Besteak beste, udazkenean egingo den Ahots Bat sormen egonaldian parte hartzeko aukera izango dute, abenduan jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalerako sarrerak eskuratu dituzte, eta liburu bana jaso dute opari: Zaldi bat (Maddi Ane Txoperena) edo Zerua hemen (Oihana Arana).

Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatutako aurtengo Eskolartekoak beste behin ere gazteen bertsolaritzarako plaza nagusia bihurtu zuen Arantza.

Zabaldu:

Utzi erantzuna