(argazkia: Kultur Sharea)

[Bideoa] Aristerrazuk itxi du denboraldia, erromeriaren sua bizirik mantenduz

Tapia eta Leturiaren emanaldiarekin agurtu zuen atzo denboraldia Aiako Aristerrazuko erromeriak. Igandero egiten den hitzorduak urte luzez eutsi dio euskal erromeriaren tradizioari, eta gaur egun halako maiztasunarekin mantentzen den plaza bakarra da.

Atzo amaitu zen Aristerrazuko aurtengo erromeria denboraldia. Aiako Andatza auzoan kokatutako plaza ezagunean, Tapia eta Leturiaren doinuek jarri zioten amaiera urrian hasi eta ekainera arte luzatu den zikloari.

Irune Elizagoien Andatza Erromeria Elkarteko kideak azaldu duenez, Aristerrazuko erromeriak aspaldiko sustraiak ditu. Garai batean auzotarrek eta baserrikoek antolatzen zituzten dantzaldiak, eta urteekin Andatza Erromeria Elkarteak hartu zuen antolakuntzaren ardura, tradizioari jarraipena emateko helburuarekin.

Elizagoienek nabarmendu du belaunaldi berriek lekukoa hartu dutela azken urteotan, igandero egiten den ohitura mantentzeko asmoz. Gaur egun, urriaren eta ekainaren artean, igandero arratsaldez erromeria eskaintzen duen plaza bakarra dela azpimarratu du.

Saioek Euskal Herri osotik erakartzen dituzte dantzazaleak eta musikazaleak. Antolatzailearen hitzetan, giro sanoa eta errespetuzkoa da Aristerrazuren ezaugarrietako bat, eta bertan adin guztietako jendea elkartzen da dantzarako.

Denboraldian zehar bikote, hirukote eta talde ugarik parte hartzen dute plazan, eta horrek erromeria mundua ezagutarazten eta publiko berriak erakartzen laguntzen du. Elizagoienen esanetan, musikariak zein erromeriazaleak Euskal Herri osotik iristen dira Aiara, eta hori da Aristerrazuren indargune nagusietako bat: belaunaldi eta jatorri desberdinetako pertsonak dantzaren bueltan elkartzea.

Zabaldu:

Utzi erantzuna