(argazkia: DK)

Sandra Hermosaren ‘Halo’ proiektuak irabazi du HAU 2026 lehiaketa, kriseiluaren berrinterpretazio garaikidearekin

Tradizioa eta diseinu garaikidea uztartzeko moduagatik irabazi du. Lehiaketara aurkeztutako zortzi lan nabarmenen erakusketa ikusgai dago dagoeneko San Telmo Museoan.

Sandra Hermosak irabazi du HAU. Euskal Herriko Objektu Tradizionalen Diseinu Lehiaketaren bederatzigarren edizioa, Halo izeneko lanarekin. Bitaminek eta San Telmo Museoak antolatzen duten ekimenak euskal kulturako objektu tradizionalak berrinterpretatzea du helburu, eta aurtengo edizioan kriseilua izan da diseinatzaileek berrasmatzeko aukeratutako elementua.

Guztira 47 proposamen aurkeztu dira lehiaketara, eta epaimahaiak Halo hautatu du irabazle. Lanak 2.000 euroko saria jaso du, eta gaurtik irailaren 27ra arte ikusgai egongo da Donostiako San Telmo Museoko gastrokultura gunean, aukeratutako beste proiektuekin batera.

Epaimahaiaren arabera, Halok “tradizionala eta garaikidea uztartzen jakin du”, estetikaren, materialen, teknologiaren eta funtzionaltasunaren arloko berrikuntzak proposatuz. Proiektuak ez du argiztapen-behar huts bati erantzun nahi; aitzitik, atsedenari eta dedikazio pertsonalari lotutako espazio bat argiztatzeko proposamena egiten du, deskonexiorako erritu moduan.

Irabazlearekin batera, finalista izan den Harrera proiektua ere erakutsiko da, Marco Tiberghien Presarena. Aipamen berezia jaso du Errotze lanak, Markel Peñas Gallok eta Carlota Rodriguez-Marinek egindakoak. Horiez gain, beste bost proposamen ere hautatu dituzte: Sutondoan (Eneko Fernandez Lozano), Naö bilduma (Iker Martin Leizaola Arregui), Berta (Ines Bayo Rodriguez), Hirubi (Lourdes Marquez Quesada) eta Arkeia (Valeria Benito Bardeci, Yone Varo Peciña eta Uxue Ordeñana Bikandi).

HAU lehiaketak objektu tradizionalen inguruko ikerketa sustatu nahi du, usadioak eta ohiturak berreskuratzearekin batera diseinu garaikidearen ikuspegitik berrinterpretatzeko bideak irekiz. Aurtengo edizioan aukeratutako kriseilua mendeetan zehar etxeak, lantokiak eta eraikin publikoak argiztatzeko erabilitako tresna izan da, eta haren inguruko irakurketa berriak proposatu dituzte parte-hartzaileek.

Zabaldu:

Utzi erantzuna