Itziar Agirre (argazkia: by-cc-Gorka Rubio-Foku)

Itziar Agirre Sagasetak ‘Honekin egin nahi duzuna poema-liburua kaleratu du

Balea Zuria argitaletxearen eskutik ikusi du argia liburuak. Donamariako idazle gaztearen lehen lana da.

Donostia Kulturaren IX. Poesia Sariaren irabazle izan den Honekin egin nahi duzuna poema-liburua aurkeztu dute. Balea Zuria argitaletxeak argitaratu du lana, eta Itziar Agirre Sagasetak idazten duen lehen liburua da.

Donamarian, 2001ean jaioa, Agirre Irakasletzako Masterra egiten ari da Errioxako Universidad Internacionalen, eta euskara irakasle gisa lan egiten du Iruñean. 2022an, egile berrientzako XXXII. literatura lehiaketan aipamen berezia jaso zuen Sartu ez dena ezin atera lanagatik.

Eli Tolaretxipi, Itxaro Borda eta Aritz Gorrotxategi epaimahaikideen arabera, “lan koherentea eta orekatua da, baina arriskurako joera ere erakusten du zenbait irudi eta joskeretan. Paisaiak eta naturak pisu handia hartzen dute bilduman, protagonista eta ahots propio bihurtzeraino. Gogoetatik eta begirada pausatutik abiatzen da sentikortasun handiz, eta intimotasunaren eta ingurunearen arteko tentsioa azaleratzen du, denbora eta gorputza bezalako gaietan maisuki sakonduz”.

Egilea zuzenean ikusteko aukera izango dugu, bihar, ekainak 18, iluntzeko 19:00etan, Donostiako Victoria Eugenia Cluben egingo den 2026ko Poesia eta Pentsamendua programako errezitalean.

Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten DK Poesia Lehiaketaren helburua poesia zabaltzea eta idazle gazteen sorkuntza bultzatzea da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna