(argazkia: Durangoko Udala)

Uda Giro 2026k kulturaz beteko ditu Durangoko kaleak eta parkeak, gaurtik aurrera

Zirkoa, antzerkia, musika, dantza, zinema, magia, bertsolaritza eta performancea izango dira Uda Giro 2026 programaren ardatzak. San Agustin Kultur Guneak antolatuta, hamahiru ikuskizun eta jarduera eskainiko dira gaurtik irailaren 5era bitartean Durangoko hainbat espazio publikotan.

Durango aire zabaleko agertoki handi bihurtuko da aurten ere Uda Giro programari esker. San Agustin Kultur Guneak antolatutako zikloak hamahiru proposamen bildu ditu, adin guztietako herritarrei zuzendutako eskaintza anitza eta irisgarria osatuz. Gaurtik, ekainak 23, irailaren 5era bitartean, herriko parke, plaza eta gune publikoetan izango dira emanaldiak, kultura kalera ateratzeko eta herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin.

Programazioari hasiera emateko, Zirko Txoskok OH-PERA! Ikuskizuna eskainiko du Otamotzena parkean. Umorea, antzerki bisuala eta zirku garaikidea uztartzen dituen proposamen horren ondoren, ekainaren 29an Tabira parkeak jardunaldi bikoitza hartuko du: Oier Jurado magoaren Delivery ikuskizuna eta Gorka Pagonabarraga, Nerea Ibarzabal, Irune Basagoiti eta Gorka Lazkanoren bertso-saioa.

Uztailean pilatuko da egitarauaren zati handi bat. Horien artean izango dira Beñat Achiary, Alaitz Muro eta Raul Garcia Etxeberriaren inprobisaziozko performancea, Durangoko Arte eta Historia Museoaren 40. urteurrenaren harira; Txema Muñozen GOTA ikuskizuna, FETEN sarietan eta Max sarietan aitortua; eta Botxo Boogies taldearen kontzertua, Juan Crisostomo Arriaga konpositorea omentzeko.

Musikak presentzia berezia izango du programazioan, tokiko talentuari ere lekua eginez. Uztailaren 23an, Irati Bilbao musikari durangarrak bere lan berria aurkeztuko du, Bloom, hainbat musikariz osatutako talde baten laguntzarekin.

Familiei zuzendutako jardueren artean daude Kayara, Inka Gerraria animaziozko filmaren proiekzioa eta Hortzmuga Antzerkiaren Alonso, ezinezko mandatuen mezularia ikuskizuna, Aroa Blanco durangarraren parte-hartzearekin.

Dantza garaikideak ere bere tokia izango du Uda Giro 2026ko egitarauan. Larrua Produkzioaken Sangre y Klorofila eta DAB Dantza Konpainiaren Kea lanek nortasuna, memoria eta kultura-paisaiari lotutako gaiak jorratuko dituzte ikuspegi garaikidetik.

Abuztuan zirkoa eta antzerkia izango dira protagonista nagusiak. Vaiven Zirkoaren Anónima ikuskizunak gizarteak sarritan ikusezin bihurtzen dituen pertsonen errealitatea jorratuko du, eta Oskar Lukoren The Not-So-Green Man piezak gizakiaren eta naturaren arteko harremana izango du ardatz.

Programazioari amaiera emateko, irailaren 5ean BarSanti konpainiak Kodizia Late Night tragikomedia eskainiko du. Umore kritikoa eta telebistako gaueko saioen estetika uztartuta, osasun publikoaren egoerari eta aseguru pribatuen gorakadari buruzko gogoeta proposatzen du lanak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna