(argazkia: Xiberoko Botza)

Sohütako pastoralak Lurdes Iriondoren bizitza eta ondarea eramango ditu oholtzara

Euskal kantagintza berriko eta Ez Dok Amairu mugimenduko erreferente nagusietako bat izango da 2026ko Sohütako pastoralaren protagonista. Lurdes Iriondoren ibilbide artistikoa eta euskararen alde egindako ekarpena izango dira ikuskizunaren ardatz.

Uztail honetan, Sohütan taularatuko den pastoralak Lurdes Iriondo omenduko du. Hala, euskal kulturaren eta kantagintzaren historian funtsezko figura izan zen artista izango da hurrengo edizioko protagonista, haren ibilbide artistikoa, euskararekiko konpromisoa eta emakume sortzaile gisa izan zuen erreferentzialtasuna oholtzara eramanez.

Obra Intza eta Leire Casamajou-Elkegarai ahizpek idatzi dute. Testuak Iriondoren bizitza eta lana izango ditu ardatz, bereziki euskal kantagintza berrian eta Ez Dok Amairu mugimenduan izan zuen papera nabarmenduz. Pastoralean, halaber, euskararen alde egindako lana eta emakumeek kultur sorkuntzan eta espazio publikoan izan duten presentzia indartzeko egindako ekarpena azpimarratuko dira.

Battitta Berrogain arduratzen ari da ikuskizunaren zuzendaritzaz, eta Sohüta eta inguruko 80 bat herritarrek parte hartuko dute antzezpenean, pastoralaren ohiko izaera herrikoi eta komunitarioari eutsiz.

Denera, hiru emanaldi eskainiko dira: uztailaren 19an, 15:30ean; uztailaren 24an, 20:30ean; eta uztailaren 26an, 09:30ean.

Urtez urte bezala, Zuberoako pastoralak euskal historiako eta kulturako pertsonaia esanguratsu baten memoria berreskuratzeko balioko du.

Pastoralerako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Ipar Euskal Herriko turismo bulegoetan eta online ere eros daitezke, HelloAssoren bidez. Informazio gehiago eta sarreren salmenta: https://linktr.ee/LurdesIRIONDO

Zabaldu:

Utzi erantzuna