Latxa ardiaren artilea eta hari lotutako jakintza balioan jartzea du helburu Agustinak Zentroan ikusgai dagoen erakusketa. Emakume sortzaileen arteko lankidetzatik sortutako ekimenak artisautza, arte garaikidea eta ingurumen-kontzientzia uztartzen ditu.
Arditik ardira proiektuaren erakusketa zabalik dago dagoeneko Errenteriako Agustinak Zentroan. Artilea ardatz duen sormen, artisautza eta ingurumen-ekimen honek Latxa ardiaren artilearen ekoizpen-prozesu osoa erakusten du, arditik azken erabileretaraino, ikuspegi garaikide eta berritzaile batetik. Aldi berean, gaur egun artileak bizi duen erronka ekologikoa azaleratu eta material horren balio kulturala, sortzailea eta praktikoa aldarrikatzen ditu.
Proiektuak gure sustrai kulturalekin lotura estua duen material bati begirada berria eskaintzen dio. Gaur egun sarritan hondakin gisa tratatzen den artilea baliabide baliotsu eta erabilgarri gisa berreskuratzea du helburu egitasmoak, artisautza, artea eta berrikuntzaren bidez. Horrela, erabilera eta aukera berriak sustatzen ditu, material horren etorkizunerako bide berriak irekiz.
Ekimenaren atzean hiru emakume sortzaile daude: Idoia Lizeaga arte floraleko maistra eta bitxigile artisaua, Mendi Urruzuno argazkilaria eta Olatz Pujana Larranaga Arte Ederretan lizentziatua eta kontserbazio nahiz zaharberritzean aditua. Haien arteko lankidetzak tokiko komunitatean eta artisau-sektorean eragin positiboa izan nahi duen proposamen bat garatu du, emakumeen ekintzailetza, ikusgarritasuna eta ahalduntzea ere sustatuz.
Hiru jarduera nagusi ardatz
Proiektuak hiru jarduera nagusi izan ditu ardatz. Alde batetik, apirilean eta maiatzean egindako tailerrak, parte-hartzaileek artilearen lanketa-prozesua ezagutu eta sormen-praktiketan parte hartzeko aukera izan baitzuten. Bestetik, ekaina eta uztaila bitartean ikusgai dagoen argazki-erakusketa, artilearen ekoizpen-prozesua dokumentatzen duten irudiekin eta tailerretan sortutako brodatu-lanekin osatua. Azkenik, Agustinak Zentroko lorategian kokatutako land art instalazioa nabarmentzen da: zuhaitzen artean zintzilikatutako eta artilez brodatutako argazki monumental batek naturaren eta materialaren arteko elkarrizketa bisual eta sinbolikoa proposatzen du.
Ekimenak artisautza lanbidea indartu eta biziberritu nahi du, balio kultural eta ekonomiko gisa ulertuta. Horretarako, teknika tradizionalak eta ikuspegi garaikideak uztartzen ditu, artisautzaren transmisioa sustatuz eta ofizioaren etorkizunerako aukera berriak aztertuz.
Artilearen bidez kontatutako istorio kolektibo baten moduan, Arditik ardira proiektuak iragana, oraina eta etorkizuna harilkatzeko gonbidapena egiten du, artisautzaren, sormenaren eta komunitatearen arteko loturak indartuz.