Ekimenak poesia, musika, ilustrazioa eta bestelako adierazpide artistikoak uztartuko ditu uztailaren 4an. Euskal literaturaren eta sorkuntzaren hainbat izen ezagun bilduko dira hitzordu horretan, poesia herritarren eguneroko bizitzara hurbiltzeko asmoz.
Oiartzungo Poesia Egunak seigarren edizioa ospatuko du uztailaren 4an, eta “azala” izango da aurten aukeratu duten gaia. 1545 argitaletxeak, Hitzen Lihoak eta Metrokoadroka kolektiboak sustatutako ekimenak poesia plazara ateratzea eta gogoeta soziala sustatzea du helburu.
Pandemia garaian sortutako ekimenak urtez urte hazten jarraitu du, eta aurten egun bakarreko egitarau trinkoa prestatu dute, bisitariei Oiartzunen egun osoa pasatzeko aukera eskainiz. Antolatzaileen esanetan, “aurten aukeratu dugun gaia azala da. Azalak ez du azalpen askorik behar, baina ezin aproposagoa iruditu zaigu Poesia Egunen funtsa eta mamia berresteko: poesiaren bitartez elkarlana eta kritika soziala ekarri nahi ditugu plazara, ez modu azalekoan, baina bai egungo jendartearen eta kulturgintzaren kezkak azaleratuz”.
Edizio honetako berrikuntzetako bat “Zuretzat” ekimena izango da. Oiartzungo etxeetako buzoietan poesia eta ilustrazioak jasoko dituzte herritarrek, literatura egunerokotasunera gerturatzeko asmoz. Horretarako, bost idazlek —Iñigo Astiz, Hedoi Etxarte, Miren Agur Meabe, Ixiar Rozas eta Leire Vargas— poesiari zuzendutako gutunak idatzi dituzte, eta bost ilustratzailek —Malen Agirre, Udane Ansa, Allende Arnaiz, Arkaitz Barriola eta Idoia Bertarbide— irudiz osatu dute proposamena.
Egitarauari dagokionez, ibilbide poetiko bat, poesia inguruko kultur ekimenen arteko sareei buruzko mahai-ingurua, errezitaldi poetiko musikatua eta Mice taldearen kontzertua izango dira. Gainera, Le Titareren eskutik, Poetattoo izeneko zuzeneko tatuaje saioa ere egingo da; bertan, euskarazko poema zatiak doan tatuatuko dituzte izena ematen dutenen artean.
Poesia, musika, ilustrazioa eta bestelako adierazpide artistikoak uztartuko dituen jardunaldiak euskal literaturaren eta sorkuntzaren hainbat izen ezagun bilduko ditu Oiartzunen, poesia herritarren eguneroko bizitzara hurbiltzeko asmoz.