Donapaleuko abeslariak KCANTÀ singlea aurkeztu du, irailean argitaratuko duen disko berriari izena emango dion lehen aurrerapena. Hainbat hizkuntza eta lurraldetako artistek hartu dute parte proiektuan.
Anne Etchegoyen abeslariak KCANTÀ singlea eman du argitara plataforma digitaletan. Abestia irailean argitaratuko duen izen bereko diskoaren lehen aurrerapena da, eta hizkuntza gutxituak eta haien kultura-ondarea ardatz dituen musika-proiektu kolektibo baten abiapuntua.
Etchegoyenek eta Patxi Garatek konposatutako kantuak hainbat lurraldetako artistak elkartzen ditu: Euskal Herritik Anne Etchegoyen eta Patxi Garat; Alsaziatik Matskat; Martinikatik Valérie Louri; Okzitaniatik Eric Fraj; Bretainiatik Clarisse Lavanant; eta Korsikatik Francine Massiani. Abestiaren hizkuntza-egokitzapenak Francine Massianik, Mathias Hecklen-Obernesserek, Clarisse Lavanantek, Eric Frajek eta Valérie Lourik egin dituzte.
Proiektuaren helburua eskualde-hizkuntzetan eta hizkuntza gutxituetan sortutako musika ikusaraztea da. Horretarako, KCANTÀ abestian hainbat hizkuntza uztartzen ditu, bakoitzaren nortasuna eta berezitasuna errespetatuz, musika-sorkuntza partekatu eta garaikide baten bidez.
Singlea irailean kaleratuko den diskoaren aurkezpen gisa heldu da. Lan horretan, Euskal Herria, Bretainia, Galizia, Katalunia, Korsika, Okzitania, Alsazia eta Martinikako artistak bildu ditu Etchegoyenek, hizkuntza- eta kultura-ondarea bizirik mantentzeko eta belaunaldi berriei transmititzeko asmoz.
Diskoan, besteak beste, Patxi Garat, Claire Keim, Itziar Ituño, Leire Martinez, Clarisse Lavanant, Dan Ar Braz, Xoel Lopez, Sylvain Duthu, Cali, Francine Massiani, Una Fiara Nova, Eric Fraj, Yvan Cujious, Francis Cabrel, Valérie Louri eta Matskat artistek parte hartu dute.
KCANTÀ proiektuaren bidez, Anne Etchegoyenek musikaren bidez kultura-aniztasuna aldarrikatu nahi du, hizkuntzak, lurraldeak eta belaunaldiak elkartzen dituen topagune gisa.