Udakoak izenarekin itzuliko dira Kanboko udako kultur jardunaldiak

Uztailaren 23tik 25era egingo da lehen edizioa, Arnaga jauregian. Antolatzaileek tokiko sustraiei, euskal kulturari eta nazioarteko artistei leku handiagoa eman nahi diete programazio berrituan.

Kanboko Udalak Udakoak izenarekin berritu du orain arte Les Estivales izenez ezagutzen zen udako kultur hitzordua. Jaialdiaren lehen edizio berritua uztailaren 23tik 25era egingo da Arnaga jauregian, eta antolatzaileek azaldu dutenez, aro berri bati hasiera emango dio, tokiko sustraiei, euskal kulturari eta lurraldeko nahiz nazioarteko artisten arteko topaketari indarra emanez.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, jaialdiak programazio eklektiko bat eskainiko du, kantua, antzerkia eta musika uztartuz. Hala, uztailaren 23an, Kalakan gauak irekiko du jaialdia, Berçaitz anaien Ahotsez errezitaldiarekin eta Kanboko Harmonia Bandaren emanaldiarekin. Hurrengo egunean, Les Comédiens du Chêne antzerki konpainiak Les Papillotes obra taularatuko du.

Jaialdiari amaiera emateko, uztailaren 25ean nazioarteko ospea duen Jean-Marie Ecay gitarra-jotzaileak Marc Berthoumieux akordeoi-jotzailearekin partekatuko du agertokia, jazz eta world musikaren doinuekin.

Euskararen presentzia handiagoa

Antolatzaileek nabarmendu dute programazioan euskarak presentzia handiagoa izango duela, eta jaialdiaren historiari jarraipena emateko asmoz, ACCORD elkartearekin eta Didier Rey jaialdiaren sortzaile historikoarekin elkarlana sustatu dutela. Helburua kalitatezko kultura eskaintza irisgarria eskaintzea da, tokiko artistak balioan jarriz eta nazioarteko sortzaileekin batera agertokian bilduz.

Hiru egunetan zehar, Arnagako lorategietan aldi baterako guinguette gunea ere egongo da zabalik 19:00etatik aurrera, eta jateko eta freskatzeko aukera emango du, DJ baten musikak lagunduta. Informazioa eta sarreren erreserbak Kanboko Udalaren webgunean egin daitezke: www.cambolesbains.fr

Zabaldu:

Utzi erantzuna