Irailaren 12an eta 13an izango da. Tokiko eta nazioarteko proposamenak, talde hasiberriak eta Mercadabadillo azoka bilduko ditu jaialdiak.
Boga Boga festibalak Easo Plaza bihurtuko du berriz ere jaialdiaren gune nagusietako bat. Irailaren 12ko eta 13ko asteburuan, doako egitarau zabal batek zuzeneko musika, talde hasiberriak eta poparen, elektronikaren eta musika independentearen mugak gainditzen dituzten proposamenak ekarriko ditu Donostiako erdigunera.
Larunbateko egitarauan, Felix Buff musikariaren Rüdiger proiektua izango da protagonista. Willis Drummond, Rafa Berrio, Atom Rhumba, Gorka Urbizu eta Ruper Ordorika bezalako artistekin ibilbidea partekatu duen musikariak irailean argitaratuko duen disko berriko kantuak aurkeztuko ditu. Egun berean ariko dira, halaber, Donostian sortutako Kulata, Lorea Argarate, Labar, Kataluniako Remei de Ca la Fresca eta Mala Gestión.
Igandean, berriz, Zeatikez, Barrrk, Gailu eta Marte Lasarte igoko dira agertokira, eta Juan Tatorri DJak dantzarako giro aske eta segurua sortzea helburu duen saioa eskainiko du. Julia Sabate ere izango da Easo Plazako egitarauan.
Musikarekin batera, Mercadabadillo azoka egingo da larunbatean eta igandean, 11:00etatik 19:00etara. Dabadaba ekosistemaren barruko ekimenak 50 bat postu bilduko ditu, ilustrazioa, artisautza, moda, artea eta autoedizioa ardatz dituzten tokiko sortzaileen lanak ezagutarazteko.
Easo Plazaz gain, jaialdiak Miramar jauregian eta Dabadaba aretoan ere izango ditu jarduerak, ordainpeko eta doako kontzertuak uztartuz. Antolatzaileen esanetan, Easo Plaza berriro ere jaialdiaren espazio adierazgarrienetako bat izango da: hirira irekitako agertokia, musika publiko guztiei hurbiltzeko eta Amara auzoa asteburuan kultura-topagune bihurtzeko.