Irulegin aurkitutako idazkun batek baskoierazko zenbaki baten lehen lekukotasuna izan liteke

Abaŕ idazkuna ontziaren edukierari buruzkoa bada, beste proba bat eransten dio baskoieraren, iberiarraren eta euskara historikoaren edo euskararen arteko harremanei buruz.

Irulegiko aztarnategian egindako azken aurkikuntzek berriz ere fokua jarri dute baskoien idazkeraren eta hizkuntzaren inguruko ikerketetan. Aurkeztutako bi zeramika-zatik, eta bereziki haietako batek, balio zientifiko handia dute, izan ere, bertan ageri den idazkunak baskoierazko zenbaki baten lehen lekukotasuna izan litekeela ondorioztatu dute adituek.

Idazkuna herrixkaren ingurumarietan aurkitutako biltegiratze-ontzi baten ertzean azaldu da, bi zatitan hautsita. Testua ikur-bilduma paleohispanikoan idatzita dago eta a[ba]ŕ edo abaŕ irakur daiteke. Ikertzaileen ustez, edukierari lotutako adierazpena izan liteke, eta interpretazio hori baieztatuz gero, baskoierazko zenbaki baten lehen aztarna idatzia izango litzateke. Gainera, forma horrek bat egingo luke azken ikerketek iberierazko hamar zenbakiari egotzi dioten formarekin, eta horrek indartu egingo luke iberieraren eta euskarazko (h)amar zenbakiaren arteko lotura.

Zati horiekin batera, inskribatutako bigarren pieza bat aurkitu da indusketan. Italiar jatorriko Campaniar zeramikaz egindako erabilera pertsonaleko ontzi batean basi hitza ageri da idatzita. Adituen arabera, ontziaren jabeari edo etxeari lotutako izen laburtu baten erreferentzia izan liteke.

Bi aurkikuntzek bat egiten dute Irulegiko herrixkan azken urteotan azaldu diren beste hainbat aztarnarekin, tartean Irulegiko Eskua, txanponen testuak eta stylus edo idazteko tresna bat. Guztiek erakusten dute herrixkan idazketa eguneroko bizitzaren parte zela.

Testuen azterketa epigrafiko eta linguistikoa Javier Velazak, Joan Ferrerek eta Joaquin Gorrochateguik egin dute, eta ikerlan osoa Palaeohispanica aldizkariaren hurrengo zenbakian argitaratuko da.

Irulegiko herrixka baskoia Sertorioren gerran suntsitu zuten, eta aztarnategia 2017tik ari dira induskatzen Aranguren Ibarreko Udalaren ekimenez, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearen zuzendaritzapean. Orain arte hiru etxebizitza induskatu dituzte, eta armak, txanponak, zeramikak, animalien hezurrak eta bestelako objektuak berreskuratu dituzte.

Aurkikuntza berriak Irulegitik Pompelora. Hiri baten jatorriak erakusketan ikus daitezke irailaren 27ra arte, Iruñeko Pompelo Civivoxeko erakusketa aretoan. Erakusketa doakoa da, eta uda osoan zehar Aranzadi Zientzia Elkarteak bisita gidatuak ere antolatu ditu Irulegiko aztarnategira nahiz erakusketara.

Zabaldu:

Utzi erantzuna