Euskara eta musikaren arteko harremana izango dute hizpide ‘Bikaintasuna Euskal Ikasketetan’ uda ikastaroan

Etxepare Euskal Institutuak eta Musika Bulegoak lehen aldiz elkarlanean antolatutako UIKren ikastaroak euskarazko sorkuntza, hizkuntza hautuak eta nazioartekotzearen erronkak izango ditu hizpide uztailaren 8an, Donostiako Miramar Jauregian.

Etxepare Euskal Institutuak Bikaintasuna Euskal Ikasketetan uda ikastaroaren hamaseigarren edizioa antolatu du uztailaren 8an Donostiako Miramar Jauregian. Aurtengo edizioak Euskara oholtzetan: musika, hizkuntza, nazioartea izenburua izango du, eta lehen aldiz Musika Bulegoarekin elkarlanean antolatu da. Jardunaldiaren helburua euskararen eta musikaren arteko harremana aztertzea izango da, sormen prozesuetatik hasi eta nazioarteko proiekzioraino.

Ikastaroan gaur egungo euskal musikagintzaren hainbat galdera jarriko dira mahaigainean: euskarak zer leku duen musikaren esparruan, hizkuntza hautuek sorkuntzan eta publikoarekin eraikitzen den harremanean duten eragina, eta euskaraz sortzeak nazioarteko ibilbidean eskaintzen dituen aukerak eta erronkak.

Egitarauak musikaren sektoreko bost erreferente bilduko ditu: Arkaitz Villar, Maren Berzosa, Jurgi Ekiza, Amaia Ispizua eta Jon Maia. Jardunaldiaren amaieran, guztiek parte hartuko dute Musika euskaraz, nazioartetzerakoan zer? izeneko mahainguruan, musikaren industria, sormena eta kulturaren ikuspegitik nazioartekotzearen erronkak aztertzeko.

Ikastaroa bereziki zuzenduta dago Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko unibertsitate sarean euskara eta euskal kultura irakasten duten irakurleei eta etorkizunean lan hori egin nahi dutenei, nahiz eta gaian interesa duen pertsona orok parte hartu ahal izango duen. Prestakuntzak irakurleen etengabeko eguneratzea sustatzea du helburu, eta, aldi berean, etorkizuneko irakurletza deialdietan balio akademikoa izango du.

Ikastaroa aurrez aurre zein online jarraitu ahal izango da, eta matrikulazioa Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroen bidez egin daiteke.

Zabaldu:

Utzi erantzuna