EDT Topaketek dantza, mugimendua eta osasuna lotuko dituzte Tabakaleran

Irailaren 4tik 6ra egingo da EDT Topaketen seigarren edizioa Donostian. Aurtengo programak begirada transgenerazionala izango du ardatz, eta dantza bizitzako etapa guztietan ongizatea, zaintza eta komunitatea sustatzeko tresna gisa landuko du.

Dantza, mugimendua, terapia eta osasuna uztartzen dituen EDT Topaketen seigarren edizioa irailaren 4tik 6ra egingo da Donostiako Tabakaleran. ADDEk antolatutako hitzorduak aurten begirada transgenerazionala jarriko du erdigunean, dantza eta mugimendua bizitzako etapa guztiak zeharkatzen dituzten hizkuntza eta adierazpide gisa ulertuta.

Hiru egunez, solasaldiak, tailerrak, praktika artistikoak eta topaguneak izango dira, dantzaren, mugimenduaren eta osasunaren arteko loturak ikuspegi anitzetatik aztertzeko. Antolatzaileen arabera, dantza ez da soilik jarduera artistiko edo profesional bat, baizik eta osasuna sustatzeko, harremanak sendotzeko eta komunitatea eraikitzeko tresna bat ere bada.

Adin eta gaitasun guztietako pertsonentzako jarduerak

Programak adin eta gaitasun guztietako pertsonentzako jarduerak bilduko ditu. Horien artean izango da Belaunaldi Arteko Dantza Tailerra: Mugimendu partekatua, nerabeak, bilobak eta adinekoak gorputzaren bidez elkartzea helburu duen saioa. Antolatzaileek nabarmendu dute ez dela dantzan esperientziarik izan behar, eta jarduera parte-hartzaile bakoitzaren gaitasun fisikoetara egokituko dela.

Praktiken artean izango dira, halaber, Mikel Aristegik gidatuko duen Gorputz fisiko eta emozionala faszien bidez saioa, gorputzaren auto-pertzepzioa eta mugimendua uztartzen dituena, eta Igor Calongek eskainiko duen Gorputz erabilgarria, mugimendu mekanikak praktika, gorputzaren mekanikak eta mugimenduaren bidezko ikaskuntza jorratuko dituena.

Bestalde, Ane Zapirain Gorostegik eta Ainhoa Pardellasek ere parte hartuko dute programan, dantza garaikidea, bitartekaritza artistikoa eta hezkuntza uztartzen dituzten beren esperientziak partekatuz.

Azkenik, Perlak, azaleratzen dena partekatu izeneko saioa egingo da. Bertan, parte-hartzaileek zaintzaren, gorputzaren eta mugimenduaren inguruko esperientziak, zalantzak eta metodologiak partekatzeko aukera izango dute, elkarrizketa eta lankidetza sustatzeko helburuarekin.

EDT Topaketak ADDEko hezkuntza batzordeko kideen ekimenez sortu ziren, eta aurten Nuria Perez, Cesar Lopez eta Eusebio Soria dira antolatzaileak. Azpimarratu dutenez, hasieratik helburua izan da dantzaren, osasunaren eta zaintzaren inguruko ezagutza partekatzeko espazio horizontal bat eraikitzea, mota guztietako gorputz eta gaitasunak kontuan hartuta.

Topaketetan parte hartzeko izen-ematea uztailaren 28ra arte egongo da zabalik, eta solasaldietarako sarrera doakoa izango da aldez aurretik izena emanda.

Egitaraua: PROGRAMA_EDT_6_web-1.

Zabaldu:

Utzi erantzuna