(argazkia: Agata elkartea)

Agata elkartearen Tango Topaketak 30. urteurrena ospatuko du Donostian egitarau berezi batekin

Uztailaren 9tik 12ra bitartean egingo da XXX. Tango Topaketa. Milongak, tailerrak, kale-jarduerak eta doako hastapen saioak izango dira, tangoa herritar guztiei gerturatzeko asmoz.

Donostia tangoaren hiriburu bihurtuko da berriro uztailaren 9tik 12ra. Agatak, Tango Argentinoko Lagunen Gipuzkoako Elkarteak, bere XXX. Tango Topaketa ospatuko du aurten, hiru hamarkadako ibilbidea ospatzeko prestatu duen egitarau bereziarekin. Nazioarteko 200 dantzari eta tangozale baino gehiago elkartuko dira hirian, Unescok Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial izendatutako dantza eta kultur adierazpenaren inguruan antolatutako 30 ordutik gorako jardueretan.

Topaketaren egoitza nagusia Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoa izango da, eta bertan egingo dira milonga edo tango dantza-saio gehienak. Hala ere, egitaraua hiriko beste hainbat gunetara ere zabalduko da, hala nola Donostiako Udaleko Udalbatza Aretora, Boulevardera eta Urnietako Oianume jatetxera.

Topaketaren inaugurazioa uztailaren 9an izango da Donostiako Udaleko Udalbatza Aretoan, herritar guztientzako irekita egongo den ekitaldian.

Egitarauaren une berezienetako bat larunbat goizean izango da Boulevardeko kioskoan egingo den kale-milongarekin. Aldi berean, Victoria Eugeniako dantza-gelan tangoa ezagutu nahi dutenentzat doako hastapen tailerra eskainiko du Marisa Merinok, aurrez izena emanda. Horrez gain, Bakartxo Arabaolazak maila ertain eta aurreratuko dantzariei zuzendutako teknika saioa eskainiko du.

Topaketari amaiera emateko, Urnietako Oianume jatetxean senidetze bazkaria eta azken milonga egingo da. Agatak gogorarazi du 1996an sortu zenetik Gipuzkoan tangoaren zabalkundearen eragile nagusietako bat izan dela, nazioarteko jaialdiak, ikuskizunak, prestakuntza jarduerak eta ohiko milongak antolatuz, tangoaren inguruko komunitate sendo bat eratzea lortuz.

Zabaldu:

Utzi erantzuna