Andre Maria Zuriaren jaien atarian, Foru Plaza izango da berriz ere Bizi den hotsa ikuskizunaren agertokia. Abuztuaren 3an egingo den formatu handiko kontzertu sinfonikoan Iñigo Etxezarreta, Mikel Urdangarin, Karmele Jaio, Alan Doherty eta Goiatz Dutto izango dira gonbidatu bereziak.
Hilabete baino gutxiago falta da Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak hasteko, eta jaien aurreko egitarauko hitzordu nagusietako bat izango da berriz ere Iñaki Palacios musikariaren Bizi den hotsa kontzertua. Emanaldia abuztuaren 3an izango da, 22:00etan, Foru Plazan.
Aurten ere formatu handiko ikuskizuna izango da, eta antolatzaileek iragarri dutenez, hainbat gonbidatu berezik parte hartuko dute oholtzan: Iñigo Etxezarreta, Mikel Urdangarin, Karmele Jaio, Alan Doherty eta Goiatz Dutto. Haiekin batera, 60 musikari baino gehiago bilduko dira, Iñaki Palaciosen taldea, Orquesta Et Incarnatus eta Arabako Gazte Abesbatza elkartuta.
Musikaz gain, dantzak ere presentzia izango du emanaldian. DAB dantza garaikideko konpainia eta Amezti Dantza Taldea izango dira ikuskizunaren parte, tradizioa eta gaur egungo sorkuntza uztartzen dituen proposamena osatuz.
Kontzertuak txistua izango du ardatz nagusi, eta instrumentu horren eta orkestraren, abesbatzaren zein gonbidatutako artisten arteko elkarrizketa musikala eskainiko du. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 7.000 lagun baino gehiagok jarraitu ahal izango dute zuzenean Foru Plazan.
Gainera, hitzorduak beste helburu bat ere izango du: kontzertua zuzenean grabatuko dute, ondoren disko batean argitaratzeko. Horrela, Bizi den hotsa proiektuaren edizio berezi hau zuzeneko emanalditik harago ere jasota geratuko da.