(argazkia: DK)

Mundu osoko unibertsitateetako euskara irakasleak Donostian elkartuko dira gaur, Etxepare Institutuaren topaketan

Europako eta Ameriketako 14 herrialdetako 18 unibertsitatetan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakasleek esperientziak partekatu eta nazioartean euskararen presentzia indartzeko erronkak aztertuko dituzte Donostian.

Tabakalera izango da ostegun honetan Irakurleen IX. Topaketaren egoitza. Etxepare Euskal Institutuak antolatutako jardunaldiak munduko hainbat unibertsitatetan euskara eta euskal kultura irakasten duten 18 irakasle elkartuko ditu, nazioarteko sare hori sendotzeko eta azken ikasturtean garatutako esperientziak partekatzeko helburuarekin.

Topaketan parte hartuko duten irakurleak Europako eta Ameriketako 14 herrialdetako unibertsitateetan ari dira lanean. Besteak beste, Chicago, Edinburgo, Varsovia, Habana, Leipzig, Helsinki, Bologna, Paris, Frankfurt eta Poznan hirietako unibertsitateetako ordezkariak izango dira Donostian.

Goizeko jardunaldian zehar, irakasleek beren esperientziak eta abian dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte, jardunbide egokiak partekatu eta euskara eta euskal kultura nazioarteko testuinguru akademikoetan irakasteak planteatzen dituen erronken inguruan hausnartzeko. Horrez gain, Etxepare Euskal Institutuak irakaskuntzarako eskaintzen dituen tresna eta baliabide digitalak ezagutzeko aukera izango dute.

Gaurko topaketak amaiera emango dio unibertsitate-sarea sendotzea eta irakasleen etengabeko prestakuntza sustatzea helburu duen hiru eguneko egitarauari. Prestakuntza zikloa atzo abiatu zen, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barruan antolatutako Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XVI. Euskara oholtzetan: musika, hizkuntza, nazioartea ikastaroarekin.

Etxeparek urteak daramatza euskara eta euskal kulturaren nazioarteko presentzia indartzen. Gaur egun, mundu osoko 33 unibertsitatetan irakurletzak sustatzen ditu, eta, horrez gain, 12 nazioarteko katedra eta 3 ikerketa programa bultzatzen ditu. Sare horren bidez, euskal ikasketek goi-mailako irakaskuntzan eta nazioarteko ikerketan duten presentzia sendotzea eta hizkuntza zein kultura ezberdinen arteko elkarrizketa akademikoa sustatzea ditu helburu.

2018tik urtero egiten den Irakurleen Topaketa sare estrategiko horren funtsezko hitzordua bihurtu da. Etxepareren esanetan, helburua da nazioartean euskararen eta euskal kulturaren ordezkari diren irakasleen arteko harremanak indartzea, prestakuntza etengabea sustatzea eta esperientzien trukea bultzatzea, euskal ikasketen nazioarteko proiekzioa sendotzen jarraitzeko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna