(argazkia: Bertsozale elkartea)

Bertso Udalekuek ia 200 gazte bilduko dituzte Nafarroa eta Arabako lau txandatan

Ezprogin egingo dira lehen hiru txandak, eta uztailaren amaieran Zuhatzan amaituko da egonaldia, bertsozaletasuna, transmisioa eta elkarbizitza sustatzeko helburuarekin.

Bertso Udalekuak martxan dira jada, eta aurtengo udan ia hilabete osoan gaztez eta bertsoz beteko dira Nafarroako Ezprogi herria eta Arabako Zuhatza uhartea. Guztira lau txanda egingo dituzte aurten: lehen hirurak Getadar aterpetxean izango dira, Ezprogin, eta azkena Zuhatzan. Egitasmoak 199 parte-hartzaile bilduko ditu, horietatik 166 haur eta gazteak eta 33 hezitzaileak.

Lehen txanda uztailaren 9an hasi zen eta hilaren 15era arte luzatuko da, 12 eta 13 urte bitarteko gazteekin. Ondoren, uztailaren 16tik 24ra, 16 eta 18 urte arteko gazteen txanda izango da. Getadarreko azken egonaldia uztailaren 25etik 31ra egingo dute 14 eta 15 urteko parte-hartzaileek. Bien bitartean, uztailaren 26tik 30era, 9 eta 11 urte bitarteko haurrek Zuhatzan egingo dute aurtengo azken udaleku txanda.

1998an antolatu ziren lehen aldiz Bertso Udalekuak, Hazparnen, eta ordutik helburu berari eutsi diote: haur eta gazteen artean bertsozaletasuna sustatzea, bertsotan gozatzeko espazioak eskaintzea eta bertso-eskoletan jarraitzeko motibazioa indartzea. Horrez gain, Euskal Herri osoko gazteen arteko harremanak sendotzeko eta elkarbizitza balioak lantzeko gune ere bihurtu dira.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, udalekuak ez dira parte-hartzaileentzat bakarrik ikaskuntza-esparru. Hezitzaileentzat ere prestakuntza eta transmisiorako espazio dira, antolaketan, ardurak hartzen eta belaunaldi berriei bertsolaritzaren balioak helarazten ikasten baitute. Izan ere, gaur egun hezitzaile diren askok udaleku hauetan parte hartu zuten haur zirenean, eta horrek belaunaldien arteko transmisioa sendotzen laguntzen du.

Bertsolariek ere protagonismo berezia izango dute udalekuetan, txandaz txanda egingo diren bertso saioetan parte hartuz. Horri esker, gazteek gaur egun plazan dabiltzan bertsolariekin harreman zuzena izateko aukera izango dute, bertsolaritzaren transmisioan funtsezko lotura sortuz.

Parte-hartzaileen gehiengoa bertso-eskoletako kideek osatzen dute, eta egitasmoaren helburu nagusietako bat da ikasturtean zehar bertso-eskoletan egindako lana udan ere bizirik mantentzea. Antolatzaileen esanetan, udalekuak bultzada izan nahi du haur eta gazteek uda ondoren ere bertso-eskoletan jarraitzeko gogoa indartzeko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna