Euskal Herriko bederatzi kobazulotako 500 irudi aztertuta, animaliak ez zirela ausaz marrazten erakutsi du Iñaki Intxaurbe ikertzailearen lanak.
Historiaurreko labar-pinturetan agertzen diren animaliak ez daude ausaz kokatuta. Hori da EHUko Iñaki Intxaurbe ikertzaileak ondorioztatu duen ikerketaren emaitza nagusia. Euskal Herriko bederatzi kobazulotako duela 16.000 eta 14.000 urte arteko 500 irudi inguru aztertu ditu, eta estatistika zein sare-analisia erabilita, konposizioek antolaketa-patroi jakin bati jarraitzen diotela frogatu du.
Azterketaren arabera, bisonteak, zaldiak eta ahuntzak irudien egitura nagusiaren erdigunean ageri dira, eta gainerako animaliak haien inguruan antolatzen dira. Halaber, irudien orientazioan ere joera argiak identifikatu ditu: zaldiak, oro har, eskuinera begira agertzen dira; beste animalia gehienak, berriz, ezkerrera.
Ikertzaileak azaldu duenez, emaitzek erakusten dute Paleolito amaierako labar-arteak barne-logika bat zuela, nahiz eta gaur egun ez den ezagutzen antolaketa horren esanahia. Horrenbestez, marrazkien atzean kode edo egitura grafiko bat dagoela iradokitzen du ikerketak, garai hartako komunitateentzat garrantzitsua izango zena.
Lanak, gainera, 1950eko hamarkadatik egindako hainbat hipotesi berresten ditu, baina datu estatistikoekin ñabardura berriak ere gehitzen ditu. Esaterako, zaldiaren orientazioak erakusten du irudien kokapena ezin dela marrazkilarien eskuin edo ezker izatearekin soilik azaldu.
Ikerketa egiteko erabilitako metodologia eta datu-basea kode irekian argitaratu ditu Intxaurbek. Horri esker, tresna bera beste kobazulo batzuetako labar-artea aztertzeko ez ezik, oraindik deszifratu gabeko idazkera edo sinbolo-sistemen egitura ikertzeko ere baliatu ahal izango da etorkizunean.