Ane Zuazubiskar (argazkia: Iruñeko Udala)

Ane Zuazubiskarrek irabazi du Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Saria euskaraz

Tigre bat azalean poema-liburuarekin eskuratu du 2026ko saria Arrasateko kazetari, bertsolari eta ikertzaileak. Gaztelaniazko modalitatean, berriz, Sergio Manuel Moreno Dominguez izan da irabazlea.

Ane Zuazubiskar Iñarrak irabazi du Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariko euskarazko modalitatea, Tigre bat azalean poema-liburuari esker. Gaztelaniazko modalitatean, berriz, Sergio Manuel Moreno Dominguez izan da sariduna, Septiembre y lunes lanarekin. Bi egileen poema-liburuak argitaratuko dituzte, eta bakoitzak 3.000 euroko saria jasoko du.

Zuazubiskar Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua da, eta kazetari gisa aritu da batez ere Euskadi Irratian. Horrez gain, Gazteako Zulora eta Ez hain ondo podcasten aurkezlea izan da, eta gaur egun Mondragon Unibertsitatean dihardu irakasle eta ikertzaile lanetan. Bertsolaria ere bada.

Aurtengo deialdiak parte-hartze handia izan du: guztira 383 poema-bilduma aurkeztu dira, horietatik 19 euskaraz. Antolatzaileen arabera, aurreko edizioarekin alderatuta izandako hazkundeak erakusten du lehiaketa nazioarteko poesia-esparruan sendotuta dagoela.

Lehiaketaren hogeigarren urteurrena ospatzeko, sari-banaketa urriaren 30ean egingo dute Iruñeko Kondestablearen jauregian. Egun berean, Lamentos de la Gran Manzana ikuskizuna eskainiko dute Pompelo Civivoxen, Federico Garcia Lorcaren Poeta en Nueva York lanean oinarrituta. Ospakizunaren harira, Pedro Salaberri Zunzarren margolariak sortutako lan berezi bat ere aurkeztuko dute, eta irabazleen poema-liburuetan txertatuko da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna