Izaskun Arandiaren 'Irailak' dokumentala

31 filmek osatuko dute Donostiako Zinemaldiaren euskal ekoizpenen zerrenda

Aurkeztuko diren ekoizpenetatik hemeretzik Irizar Saria eskuratzeko aukera izango dute.

Euskal Herriko ekoiztetxeen parte-hartzea duten 31 titulu programatu dira Donostiako Zinemaldiko hainbat ataletan; fikziozko zein dokumentalezko filmak, serieak eta ekoizpen fasean dagoen proiektu bat tartean. Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko lehian, berriz, 19 ekoizpen arituko dira. Irabazleak 20.000 euroko saria jasoko du. Euskal zinemari eskainitako Zinemira sailak hamahiru proposamen bilduko ditu, horietako hamar estreinaldi absolutuak.

Saila Igor Legarretaren Inurri itsuak filmarekin irekiko dute. Ramiro Pinillaren Las ciegas hormigas eleberrian oinarritutako lana da eta ekaitz batek kostaldean hondoa jotako ontzi ingeles bateko ikatza berreskuratzera itsasoratzen den familia baten istorioa kontatzen du. Amaieran, Arantxa Aguirreren Un tal Karlos dokumentala izango da ikusgai, Karlos Arguiñanoren bizitza eta ibilbidea abiapuntu hartuta.

Zerrendan Izaskun Arandiaren Irailak dokumentala ere nabarmentzen da. Lanak Arandiaren birraitonaren memoria eta 1930eko hamarkadako gerraren arrastoak ikertzen ditu.

Maite Ibañezen Pedro Arrupe. Yo viví la bomba atómica filmak, bere aldetik, misiolari bilbotarraren testigantza berreskuratzen du. Nitya Lopez Saituaren Simulacro, berriz, gurasoen arteko hausturaren inguruko fikzioa da. Zuberoako Elsa Oliarj-Inesen Txakun txakür, zortzi urtetan grabatutako ez-fikziozko lana.

Gainera, Aitor Arangurenen 300 haritz, Jabi Elortegiren Gatibu, agur esan barik eta Alejandro Cortesen La maleta de Alex ere aurkeztuko dira.

Zinemiratik kanpo, berriz, Koldo Almandozen Azken agurra, Javier Gineren Esta soledad, Oskar Alegria Suescunen HAMALAU gau eta Fermin Muguruzaren eta Ander Merinoren Muguruza FM 40 Tour izango dira Irizar Sarirako hautagai.

Lehiatik kanpo ere izango da Euskal Herriko zinemaren arrastoa: Koldo Almandozek eta Gorka Bilbaok zaharberritutako euskarazko lau film ertainen prozesua jaso dute Itzalak argitzen lanean, eta Ana Diezen Ander eta Yul filmaren bertsio zaharberritua ere proiektatuko dute. Gainerako sailetan, gainera, Go!azen 13 telesailaren atal berria eta Ainhoa Alzibarrek eta Beatriz Nietok zuzendutako Ondarea. Euskal sukaldaritza berriak, 50 urte lana izango dira ikusgai.

Zabaldu:

Utzi erantzuna