(argazkia: Ibai Armentia)

‘Gaupasa’ obrak Aste Nagusiaren ondoren ere BBK aretoan jarraituko du, irailaren 6ra arte

David Caiñak zuzendutako obrak umorez eta emozioz egiten du kuadrillen eta lagun arteko fenomenoaren erradiografia.

Aste Nagusia amaitu da Bilbon, baina BBK aretoko fokuak ez dira erabat itzaliko irailaren 6ra arte. Antzokiak Gaupasa antzezlanaren beste lau emanaldi eskainiko ditu. David Caiñak idatzi eta zuzendutako obrak Txorimalo kuadrillaren bidez kontatzen du Bilboko Aste Nagusiaren azken hamabost urteetako historia, eta adiskidetasuna, denboraren joana eta lagun-taldeen bilakaera ditu ardatz.

BBK aretoak eta El Mortero konpainia bizkaitarrak elkarlanean ekoitzi dute lana, eta Aiora Sedano, Josu Angulo, Aitor Borobia, Iñaki Maruri, Lucia Astigarraga, Ibai Gonzalez eta David Caiña bera ariko dira taula gainean. Antzezlanak kuadrilla baten hamabost urteko ibilbidea hartzen du abiapuntu: Aste Nagusian urtez urte elkartzen diren lagunen arteko harremanak, maitasunak eta desamodioak, eztabaidak eta ospakizunak. Umorearen bidez, hazteaz, heltzeaz eta harremanek denborarekin hartzen dituzten formez hitz egiten du obrak.

Gaupasa Bilboko aretoak ekoizten duen hamargarren lana da, eta Aste Nagusirako berariaz sortutako lanak ekoizteko ildoaren barruan kokatzen da.

Antzezlanak lehenengo egunetan izandako arrakastaren ondoren, datoz orain iragarri dituzten beste lau emanaldiak. Horrela, irailaren 3an, 4an, 5ean eta 6an ere ikusi ahal izango da antzezlana Bilboko antzokian. Sarrerak 25 eurotan daude salgai, leihatilan zein antzokiaren webgunean.

Zabaldu:

Utzi erantzuna