Abenduaren 4tik 8ra bitartean egingo da aurtengo edizioa. Azokan parte hartu nahi duten erakusleek irailaren 30era arteko epea izango dute izena emateko, durangokoazoka.eus webgunearen bidez. Egitaraurako proposamenak aurkezteko eta ikasle goizean parte hartzeko izen-emateen txanda, berriz, aurrerago izango da.
Abenduaren 4tik 8ra bitartean izango da Durangoko Azokaren 60. edizioa, eta bertan erakusmahaia ipintzeko izen-ematea martxan da jada. Irailaren 30era arte egin ahal izango da eta parte hartzeko interesa duten erakusleek (argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile zein autoekoizleek) azokako webguneko Intraneta atalean egin beharko dute eskaria. Behin erregistratuta, bertan izango dute azokaren inguruko informazio osagarria ere eskuragarri: araudia, izen-emate epeak, ohiko galderak eta parte hartzeko tarifen inguruko xehetasunak.
Ohi denez, aurrerago beste zenbait inskripzio ipiniko dira martxan; besteak beste, egitaraurako proposamenak egiteko eta ikasle goizean parte hartzeko. Aurrerago emango da horren inguruko informazio zehatza.
Bien bitartean, Gerediaga elkartea abenduko hitzordua prestatzen ari da, eta datozen aste eta hilabeteetan 61. Durangoko Azokaren egitarauari eta nobedadeei buruzko xehetasun gehiago ezagutaraziko dira.
Abenduaren 4tik 8ra, beraz, Durango euskal kulturaren inguruan elkartzeko plaza bihurtuko da beste behin, kulturaren azken urteko uzta ezagutu, partekatu eta ospatzeko.