Taloaren bueltan, herri-kultura ospatuko dute Leitzan

Taloa egiteko modua, trikitiaren doinuak, herri-kirolak, dantza eta tokian tokiko produktuak: Leitzako kaleek eta plazak herri-kulturaren hainbat adierazpen bilduko dituzte irailaren 13an. Talo Egunaren XXI. edizioak 16K Plazaola lasterketarekin eta Mendialdeko Azoka Ibiltariarekin bat egingo du, eta egun osoko egitaraua osatuko dute gastronomiak, kirolak, musikak eta kulturak.

Taloaren usaina, trikitilarien kalejira, herri kirola, tokiko produktuak eta dantza izango dira protagonista irailaren 13an Leitzan. Igandean, Talo Egunaren XXI. edizioak bat egingo du 16K Plazaola lasterketaren lehen edizioarekin eta Mendialdeko Azoka Ibiltariarekin. Hiru ekimenek bat egingo dute herriko plazan eta kaleetan, Mendialdeko produktuak, ohiturak eta kultura elkargunean jarriz.

Eguna goizean goiz hasiko da, 9:30ean, 16K Plazaola lasterketarekin. 300 korrikalarik Lekunberriko Plazaolako geltokitik abiatuta 16 kilometro egingo dituzte, Plazaolako Bide Berdea jarraituz, Leitzaraino. Lasterketak lehen ediziorako zeuzkan 300 dortsalak agortu ditu, eta horrek eskualdearekin eta bertako paisaiarekin lotutako kirol-proposamen batek piztu duen interesa erakusten du.

Helmuga Leitzako plazan egongo da, eta 13:00etan egingo dute sari-banaketa. Lasterketaren helburua ez da soilik kirol-egutegian lekua egitea: Plazaolako ibilbidea eta Mendialdeko baliabideak ezagutaraztearekin batera, eskualdeko ekoizle eta enpresen jarduera sustatzea ere bilatzen du.

Taloa, protagonista

10:30ean zabalduko dituzte Talo Eguneko postuak, eta Saralegi Taloak, Saldiasko Talogileak eta Basaburuako Jan Talo arituko dira taloak egiten. Ohiko proposamenez gain, gazta, txistorra, txokolatea, angulak edo perretxikoak erabilitako konbinazioak dastatu ahal izango dira. Eskaintza begano eta begetarianoak ere izango dira aurten.

Taloa jateko ez ezik, egiteko ere izango da aukera. 11:00etatik 12:00etara talo tailerra egingo dute Udaletxeko beheko solairuko arkupean. Parte-hartzaileek zuzenean ikasi ahal izango dute taloa nola egiten den eta, ondoren, egindakoa dastatu. Ez da aurrez izena eman beharko, eta edukiera bete arte hartuko dira parte-hartzaileak.

Ekimenak, beraz, produktu gastronomiko baten inguruko ospakizunetik harago jo nahi du, belaunaldi berriek taloa egiteko modua ezagutu eta landa-inguruneari lotutako jakintza transmititu dezaten.

Herri kirola plazan

Eguerdian, 12:00etan, giza proba erakustaldia egingo dute Leitzako plazan. Parte-hartzaileek pisu handiko harria arrastaka eramango dute, ahalik eta distantzia luzeena egiteko helburuarekin.

Herri-kirolen tradizioaren barruan kokatzen den diziplina da, baina izendapenak eta parte-hartzaileek ere bilakaera izan dute. Garai batean gizon-proba deitzen zitzaionari giza proba esaten zaio gaur egun, eta emakume zein gizonen parte-hartzea jasotzen du.

Goizean zehar, gainera, Leitzako trikitilariek kaleak eta plaza girotuko dituzte.

32 postu, Mendialdeko ekoizleen eskutik

Taloarekin batera, tokiko ekoizpenak ere izango du bere lekua. Mendialdeko Azoka Ibiltaria 11:00etatik 14:30era izango da Leitzan, eta 32 postuk osatuko dute eskaintza.

Elikagaietan, besteak beste, taloa, gazta, eztia, pateak, ogia, arrautzak, artisau-garagardoa, olioa eta txokolatea aurkitu ahal izango dira. Artisautzak ere presentzia izango du, egurrez, zeramikaz, metalez, ehunez eta bestelako materialez egindako produktuekin.

Azoka ibiltariak Mendialdeko hainbat herri zeharkatzen ditu, tokiko ekoizle txikiak eta artisauak herritarrengana hurbiltzeko. Leitzako hitzordua aurtengo azkenaurrekoa izango da: urteko azken azoka azaroaren 1ean egingo dute Jauntsaratsen, Basaburuan, Gaztaren Egunarekin batera.

Kultura ere ez da faltako programan. Arratsaldean, 19:00etan, Txori Zuri dantza taldeak emanaldia eskainiko du Leitzako plazan, Kultur 26 programaren barruan.

Horrela, egun berean elkartuko dira kirola eta herri-kirolak, gastronomia eta tokiko ekoizpena, artisautza, musika eta dantza. Mendialdeko eguneroko bizitzari eta kulturari lotutako hainbat jarduera espazio berean bilduko dira, Leitzako Talo Eguna eskualdeko topagune bihurtuz.

Zabaldu:

Utzi erantzuna