Euskararen biziberritzeak hiztun gehiago behar ditu, eta horretarako ezinbesteko tresnetako bat helduen euskalduntzea da. Hamar urtean 300.000 euskaldun berri lortzeko erronkaren testuinguruan, sektoreko ordezkariak Bilbon bildu dira bere estrategikotasuna aldarrikatzeko eta herritarrei euskara ikasteko deia egiteko; aldi berean, gizarte-eragileei, sindikatuei, enpresei, ikastetxeei, komunikabideei eta erakunde publikoei matrikulazio-kanpaina zabaltzen laguntzeko eskatu diete.
Helduen euskalduntze-alfabetatze sektoreko ordezkaritza zabala bildu da gaur, Bilboko Kafe Antzokian, ikasturte berriko matrikulazio-kanpainaren atarian, euskararen biziberritzean duen zeregina aldarrikatzeko eta herritarrei euskara eskuratzera deitzeko.
Kontseiluak maiatzean jarritako erronkaren baitan —hamar urtean 300.000 euskaldun berri lortzea— sektoreak duen estrategikotasuna azpimarratu dute. Neurri berean, matrikulazio-kanpaina zabaltzen laguntzeko eskatu diete gizarte-eragileei, sindikatuei, enpresei, ikastetxeei, komunikabideei eta erakunde publikoei.
Agerraldian hitz egin dute Aize Otaño AEK-ko Nazio Kontseiluko kideak eta Laida Begiristain Maizpideko kideak. Halaber, sektoreko elkarteetako ordezkariak ere izan dira bertan: Aiora Erauskin eta Jasone Basurto (Maizpide), Mikel Barrios (Leizaur), Isa Isazelaia (Elkarlan), Patxi Martin (Euskalgintzaren Kontseilua) eta Ana Garmendia (Batuz elkartea).
Helduen euskalduntze-alfabetatze sektoreak eta Euskalgintzaren Kontseiluak, 2022az geroztik, euskara ikasteko doakotasuna bermatzeko eta Euskal Herri osorako agentzia bakar bat sortzeko proposamena defendatu dute erakunde eta alderdi politikoen aurrean –Euskara Ezagutzeko Beharra Helduengan Sustatzeko Proposamena– .
2024an, gainera, Euskalgintzaren Kontseiluak euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi egoeran zeudela adierazi zuen, eta, aurten, maiatzean, erronka zehatz bat jarri zuen mahai gainean: hamar urtean 300.000 euskaldun berri lortzea.
Kontseiluaren ustez, “erronka hori lortzeko funtsezkoa da helduen euskalduntze-alfabetatze sektorea. Gainera, euskararen normalizazio-prozesuak erronka berriei aurre egin behar die: milaka euskal herritar berri ditugu gurean. Hortaz, haiei euskara eskaintzeko, ezinbestekoa da sektorearen estrategikotasuna aitortzea, eta euskara eskuratzeko aukerak eta baliabideak bermatzea”.
Iraileko matrikulazio-kanpainaren atarian, herritar guztiei euskara ikasteko deia egin diete. Era berean, matrikulazio-kanpaina zabaltzen laguntzeko eskatu diete gizarte-eragileei, sindikatuei, enpresei, ikastetxeei, komunikabideei eta erakunde publikoei.