(argazkia: Hernaniko Udala)

Baserri giroa eta euskal tradizioa nagusituko irailaren 17tik 20ra, Hernaniko erdigunean

Euskal Jaien bidez, 24 ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute hernaniarrek.

Ate joka dira Hernaniko Euskal Jaiak. Aurtengoan, hilaren 17tik 20ra izango dira, eta, hala, baserri giroa eta euskal tradizioa Hernaniko erdigunearen jabe egingo da berriz ere. Ohitura zaharrak, musika eta herri kirolak izango dira nagusi, adin guztietako herritarrentzat.

Sagardo dastatze gidatu batekin hasiko dira aurtengo Euskal Jaiak, hilaren 17an, osteguna. Txartelak salgai daude Zinkoenea tabernan. Hain zuzen ere, Zinkoenea tabernaren mendeurrena ere ospatuko da egun horretan, bertso-saio musikatu batekin.

Ostiralean, berriz, erremontea izango da kiroldegiko pilotalekuan eta Bretainiar Konexioa izango da, Euskal Herriko eta Bretainiako dantza eta musika emanaldia.

Euskal jantziak janzteko deia

Hilaren 19a, larunbata, izango da Euskal Jaietako egun handia. Egun osoko egitaraua izango da: abeltzain azoka eta antzinako lanabesen erakustaldia; erraldoiak; Hernaniko produktuen azoka; txakolin-dastatzea; kantu-jira; herri kirolak; haurrentzako jolasak; bertsolariak eta erromeriak izango dira.

Antolatzaileek herritarrak euskal jantziak janztera animatu dituzte egun horretan. “Azken urteetan beheraka doa Euskal Jaietan euskal jantziak janzteko ohitura, eta berreskuratu nahiko genuke”, azaldu du Aitor Huizi Kultura zinegotziak.

Niko Etxart eta Hapa-Hapa

Igande goizean Artisau Azokaren txanda izango da, baita trikitixa jaialdia eta pilota partidak ere.

Iluntze horretan, Euskal Jaiei ginga jarri eta bukaera emateko, Niko Etxart abeslari zuberotarraren eta Hapa-Hapa, haren taldearen, kontzertua izango da, doan, Atsegindegin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna