(argazkia: Kultur Sharea)

Igartubeiti Baserri Museoak 25 urteko ibilbidea ospatuko du irailaren 26an

Sagar formako zumezko egitura eta belar-meta elkarlanean eraikiko dituzte, eta ospakizunak urrian jarraituko du Sagardo Astearen barruan.

Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoak mende laurden bat darama tradizioaren eta bizitza garaikidearen arteko elkarrizketa sustatzen, eta hainbat talde, elkarte eta bisitarirekin sarean lanean. Ibilbide hori ospatzeko, irailaren 26an jai berezi bat egingo da, arratsaldeko 16:30etik aurrera.

Sagarra ehuntzen: 25 urte sarean ekimena izango da eguneko jarduera nagusietako bat. Ezkio-Itsasoko eskolako haurrek apirilean sortutako zumezko piezak eta festan bertan egingo direnak elkartuko dituzte, sagar itxurako egitura handi bat osatzeko. Itziar de la Granja artisauak lagunduta landutako proiektuak urteotan museoaren inguruan ehundutako harremanak, lankidetza eta memoria partekatua irudikatu nahi ditu.

Baserri munduan ohikoa izandako beste jardun bat ere berreskuratuko dute: belar-meta egitea. Parte-hartzaileek Ezkioko Iñaki Alberdiren laguntzarekin eraikiko dute, garai batean ganaduarentzako belarra gordetzeko erabiltzen zen teknikaren berri izateko. Ohitura hori desagertzearekin batera baserri inguruko paisaia ere aldatu dela nabarmendu dute antolatzaileek, plastikozko belar-bolak nagusitu baitira gaur egun. Ospakizunari amaiera emateko, bertako produktuekin osatutako merienda dastatzeko aukera izango dute parte hartzaileek

Goizane Alvarez Kultura diputatuak adierazi duenez, “Igartubeiti topagune bat da gaur egun, ezagutzaren transmisiorako eta komunitaterako gune bat, urte hauetan zehar bere bizitzan parte hartu duten pertsona eta kolektibo guztiei esker eraikia”.

Urteurrenak Sagardo Astean izango du jarraipena. Urriaren 7an zumezko sagarra aurkeztuko dute, eta urriaren 10ean eta 11n trikitilariak eta bazkariak izango dira. Irailaren 26ko jardueran edonork parte har dezake, baina aldez aurretik izena eman beharko da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna