709 puntu eskuratuta, Hazparnen jokatutako lehen saioko lehen postua lortu du Artetxek, eta zuzenean sailkatu da finalaurrekoen lehen itzulira. 500 lagunetik gora bildu ziren larunbatean Mendeala gelan, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren hasieran.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa larunbatean abiatu zen Hazparnen. Sei bertsolari aritu ziren Mendeala gelako oholtzan: Eki Mateorena, Miren Artetxe, Unai Anda, Maddi Ane Txoperena, Xabat Galletebeitia eta Peru Abarrategi.
Ariketa puntuagarriak amaituta, Miren Artetxek bildu zuen puntu gehien, 709, eta zuzenean sailkatu zen finalaurrekoen lehen itzulira. Urriaren 31n Eibarren kantatuko du. Haren atzetik geratu ziren Maddi Ane Txoperena, 691 punturekin, eta Xabat Galletebeitia, 672rekin. Unai Andak 636,5 puntu eskuratu zituen; Peru Abarrategik, 631; eta Eki Mateorenak, 589,5. Bost bertsolari horiek lehen fasea amaitu arte itxaron beharko dute finalaurrekoetarako sailkapena argitzeko.
Aritz Bidegain aritu zen gai-jartzaile lanetan. Bertsolariek zortziko handian eta zortziko txikian egin zuten ofiziotan lehenik; ondoren, puntua jarrita hiruna bertso osatu zituzten, eta hamarreko txikian aritu ziren berriro binaka. Ganbarako lanarekin amaitu zuten saio puntuagarria: “Begietara begiratu diozu. Ez dakizu sinetsi edo berriro gezurra erraten ari zaizun”. Sei bertsolariek hiruna bertso osatu zituzten gai horri erantzunez.
Txapelketak Altsasun eta Lekeition izango ditu hurrengo geltokiak. Larunbatean jokatuko da Altsasuko saioa eta igandean Lekeitiokoa, lehen faseko hurrengo bi hitzorduetan.