Iruindarraren lanak Lyongo Arte Garaikideko Bienalean ikus daitezke abenduaren 13ra arte. Cresporen parte-hartzea Etxepare Euskal Institutuaren Zabal programaren barruan kokatzen da.
June Crespo (Iruñea, 1982) da Lyongo 18. Arte Garaikideko Bienalean parte hartzen ari diren artisten artean. 1991n lehen aldiz antolatu zenetik, Frantziako arte garaikideko hitzordu nagusietako bat bihurtu da bienala, eta edizio bakoitzean hainbat herrialdetako artisten lanak biltzen ditu hiriko erakusketa-guneetan.
Eskulturaren bidez, gorputzaren, arkitekturaren eta materiaren arteko harremanak lantzen ditu Crespok. Hormigoia, erretxina, metala eta aurkitutako elementuak erabiltzen ditu, besteak beste, eta moldekatze, zatikatze eta mihiztatze prozesuen bidez organikoaren eta industrialaren artean kokatzen diren formak sortzen ditu. Artistak arreta berezia eskaintzen die eskalari, hurbiltasunari eta gorputzek espazioa bizitzeko duten moduei, baita espazioak gorputzak baldintzatzeko duen gaitasunari ere.
Azken urteotan bakarkako erakusketak egin ditu Bilboko Guggenheim museoan, Madrilgo CA2Mn, Gasteizko Artium Museoan eta Vienako Secessionen, besteak beste. 2022an Veneziako 59. Bienaleko The Milk of Dreams erakusketa nagusian ere parte hartu zuen.
Catherine Nicholsek komisariatutako Lyongo aurtengo edizioak Passer d’un rêve à l’autre du izenburu, eta pasabidearen ideia hartu du abiapuntu. Horretarako, hiriko kaleak, patioak eta eraikinak lotzen dituzten traboules izeneko barne pasabideetan inspiratu da. Harremanak, trukeak eta zirkulazio moduak aztertzeko proposamena Lyongo Arte Garaikideko Museoan, Les Grandes Locos-en eta Ehunen eta Dekorazio Arteen Museoan, besteak beste, zabaldu dute.
Cresporen parte-hartzea Etxepare Euskal Institutuaren Zabal programaren barruan kokatzen da. 2019an sortutako egitasmoak euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatzea eta artisten, profesionalen eta nazioarteko arte-eragileen arteko harremanak sustatzea du helburu. Artistak 2022ko Veneziako Bienalean izandako parte-hartzea ere programa horren testuinguruan kokatu zen.