(argazkia: Gure Zinema)

Gure Zinema Sariak Patricia Lopez Arnaizen ibilbidea aitortu du

Euskal zinemarekin estuki lotuta egin du Patricia Lopez Arnaizek bere ibilbidea, 80 egunean lehen filmetik hasi eta azken urteetako hainbat ekoizpenetara. Gure Zinema Sariaren laugarren edizioak ibilbide hori eta euskal zinema zabaltzeko egindako ekarpena aitortu ditu.

Patricia Lopez Arnaizek IV. Gure Zinema Saria jaso zuen larunbatean, euskal zinemarekin lotura estua izan duen ibilbidea aitortzeko. Saria Jon Garañoren eskutik jaso zuen; hain zuzen, Garañok eta Jose Mari Goenagak eman zioten zineman aritzeko lehen aukera, bien lehen film luzea izan zen 80 egunean lanean.

Saria jasotzean, Lopez Arnaizek bere ibilbidean alboan izan dituen pertsonak izan zituen gogoan. “Garrantzitsua da bizitza honetan jende onez inguratzea, eta horretan zorte handia izan dut”, adierazi zuen. Euskal zinemak bizi duen unea ere ospatu zuen, eta “esku artean dugun altxor hau” zaintzeko deia egin zuen.

Ortzai antzerki-eskolan trebatu zen aktore gisa, EHUn Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi ondoren. 80 egunean filmarekin zinemara jauzi egin ostean, Lasa eta Zabala eta Un otoño sin Berlín lanetan parte hartu zuen. Ibilbide horretan mugarri izan zen Ane filma, eta azken urteotan euskal zinemako hainbat ekoizpenetan aritu da, tartean Estibaliz Urresola Solagurenen 20.000 erle-espezie, Alberto Gastesiaren Singular, Andrea Jaurrietaren Nina eta Alauda Ruiz de Azuaren Los domingos.

Lopez Arnaizek Ramon Barearen lekukoa hartu du Gure Zinema Sarian. Aurreko edizioetan Ane Gabarain eta Alauda Ruiz de Azuaren Cinco lobitos ere saritu dituzte. Sariak euskal ikus-entzunezkoen esparrua indartzen eta zinema publikoarengana hurbiltzen lagundu duten ibilbideak eta lanak aitortzea du helburu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna