Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak 6 eta 7 urteko haurrei eta haiekin parte hartuko duten helduei zuzendutako lantegi berria antolatu du. Ekimenak ahotsa, jolasa eta entzumena izango ditu abiapuntu.
Liburuak elkarrekin irakurtzea eta irakurketa etxeko esperientzia partekatu bihurtzea da Ahots gora egitasmo berriaren helburua. Haurrek erreferentziazko heldu batekin edo birekin parte hartuko dute, eta irakurtzeko, kontatzeko eta ahotsa erabiltzeko modu desberdinak probatuko dituzte.
Saioetan soinu- eta gorputz-jolasak, talde-dinamikak eta irakurketa partekatua uztartuko dituzte. Haurrek entzun, jolastu eta ahotsaren aukerak esploratuko dituzte; helduek, berriz, beren ahotsarekin esperimentatu eta etxean irakurketa partekatzen jarraitzeko baliabideak eskuratuko dituzte. Irakurtzeko modu bakar bat lehenetsi beharrean, erritmo eta modu desberdinak probatzeko aukera emango du lantegiak, akatsa ere ikaskuntza-prozesuaren parte dela ulertuta.
Euskarazko lantegia Iñaki Carreterok dinamizatuko du, urriaren 2an eta 23an, azaroaren 6an eta 27an eta abenduaren 11n. Gaztelaniazkoa Susana Terueloren esku egongo da, urriaren 9an eta 30ean, azaroaren 20an eta abenduaren 4an eta 18an. Saio guztiak 18:00etatik 19:15era egingo dira, eta gehienez hamar plaza izango dira talde bakoitzean.
2019an eta 2020an jaiotako haurrei zuzenduta dago egitasmoa, eta heldu batek edo bik lagunduta parte hartu beharko dute. Prozesuari jarraipena emateko, bost saioetan parte hartzea eta laguntzaileak beti berberak izatea eskatuko da.
Ahots gora Arabako Kultura Planaren Literatur Sorkuntzako, Liburutegietako eta Argitalpen Industriako Mahai Sektorialetik sortutako proposamena da. Izen-ematea irailaren 29ra arte egongo da zabalik, Ignacio Aldecoa Kultura Etxearen bidez.